}

Zelulak, zertarako?

2000/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zelulak erabili gabe proteinak egiteko modua aurkitu dute Alemaniako Roche Molecular Biochemicals of Penzberg-en.

Orain arte, analisi eta ikerketetarako proteinak nahi zituenak genea Escherichia coli bakterioan txertatu eta bakterioak proteina egin arte zai egon behar zuen. Hori etsitzeko modukoa ere izan zitekeen, esaterako, E. coliren entzimek proteina bera honda baitezaketen.

Rochen asmatutako sistemarekin, ordea, proteinak egiteko oinarrizko osagaiak besterik ez dira behar. Birusen batetik erauzitako RNA polimerasak egiten du lehen urratsa, DNA RNA bihurtzea, alegia, eta E. coliren estratua izango da RNAn oinarrituta proteinak egiteko "makina".

Asmakizun osoa ontzi txiki bat besterik ez da. RNA eta proteinak zilindroaren goiko zatian egiten dira eta handiagoa den beheko zatian elikagaiak daude, aminoazidoak hain zuzen ere (ikus irudia). Azken hauek, elkartu ahala gorantz doaz.

Erreakzioak, guztira, 24 ordu behar ditu, zelula biziek egunak behar zituzten artean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia