Zelula amak neurona motorrak bilakatzeko errezeta
2002/08/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Orain, Cell zientzia-aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, itxaropena pizteko moduko irtenbidea aurkitu da. Nonbait, AEBetako Columbia Unibertsitateko ikertzaileek zelula amak neurona motorrak bilakatzeko behar den nahaste molekular zehatza asmatu dute. Gainera, nahaste horren laguntzaz lortutako neurona motorrak oilaskoen enbrioien muinean txertatu ondoren, besteekin batera garatzen direla eta beren lana ere ondo betetzen dutela ikusi dute.
Zelula ama horiek bereziki ikerketarako hazitako sagu batzuenak ziren. Sagu horiek proteina fluoreszente bat ekoizten zuten neurona motorretan; horri esker, ikerketaren emaitzen jarraipena egin ahal izan zen. Zelula amak 1000 zelulako enbrioia osatu arte hazi zituzten. Gero, neurona motorren aurrekariak izatera bideratzeko, azido erretinoikoan busti zituzten. Ondoren, bizkarrezur-muineko zelula motorra bilaka zitezen, sonic hedgehog proteina gehitu zieten. Azkenean, zelulen
% 20-30 neurona motorren aurrekari fluoreszenteak bihurtu zirela ikusi zuten.
Hurrengo pausoan, aurrekari horiek bereizi eta oilaskoen enbrioien bizkarrezur-muinean txertatu zituzten. Han, ugaltzeko seinaleak jaso zituzten. Hiru egun pasatzerako, neurona fluoreszenteak hazi eta luzapenak bidali zituzten bizkarrezur-muinetik giharretara. Horrela, hazten ari den animalia batean bezala tratatzen badira, zelula amak neurona motorra bilaka daitezkeela frogatu zuten ikertzaileek.
Haien ustez, antzeko metodologia bat gizakietan ere erabili ahalko da, lesio edo gaixotasunen ondorioz galdutako nerbio-ehuna berriro sorrarazteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia