}

Y kromosomaren sekuentzia osoa aurkeztu dute

2023/08/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

y-kromosomaren-sekuentzia-osoa-aurkeztu-dute

Giza Y kromosomaren sekuentzia eta haren aldakortasunari eta eboluzioari buruzko azterketa argitaratu ditu Nature aldizkariak, artikulu banatan. Bien artean, hutsune garrantzitsu bat bete dute, guztiz sekuentziatu duten azken kromosoma izan baita. Izan ere, oso konplexua da, eta horrek zaildu egin du deskodetzea eta egitura osoa ezagutzea.

Orain, batetik, 62.460.029 base-pareen sekuentzia osoa eta egitura argitzea lortu dute, eta lehendik zeuden hutsuneak bete eta akatsak zuzendu dituzte. Besteak beste, zenbait gene-familiaren egitura azaldu dute, proteinak kodetzen dituzten 41 gene aurkitu, eta mikrobiomaren ikerketa batzuetako akatsak zuzendu (ikusi dute bakteriotzat hartu izan diren sekuentzia batzuk Y kromosomaren zatiak direla). Sexu-organoen garapenarekin eta ugalkortasunarekin zerikusia duten egiturak ere aztertu dituzte.

Bestetik, Y kromosomaren aldakortasuna ezagutzeko, munduko 21 populazio-talderen ordezkari diren 43 banakoren Y kromosomak alderatu dituzte. Horren bidez, 183.000 urteko eboluzioa aztertu dute, eta denbora horretan gorde diren sekuentziak eta aldaerak identifikatu dituzte. 

Informazio guztia oso baliagarriatzat jo dute garapen sexuala hobeto ulertzeko, eta gaixotasunekin eta tratamenduekin lotura duten geneak eta mekanismo molekularrak ezagutzeko, besteak beste, minbiziaren ikerketan. Adibidez, beste ikerketa batean, frogatu zuten adinarekin Y kromosoma galdu egiten dela, eta, horren ondorioz, handitu egiten dela maskuriko minbizia izateko arriskua.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia