Xangai!, xangai!...
1987/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Txinako Xangai hiriko agintarien arazo bakarra ez dirudi ikasleen manifestazioak direnik. Poluzioak burukomin handiak sortzen dizkie. Xangaiko giroa horren erretzaile denez, euriak nylonezko alkandorak ere erre egiten ditu. Inoiz Ekialdeko Paris deitua izan den magapolis hau, 40 urteko utzikeriaren ondorioak pairatzen ari da egun.
Xangaiko agintariak, hiriko estolderi sistema berritzeko mila milioi dolarreko aurrekontu bat kontsideratzen ari dira. Egunero, etxe eta lantegietatik 3,4 milioi m3 hondar-ur isurtzen dira Suzhon erreka eta Huangpu ibaira. Suzhon erreka hilik dago eta urteak dira biziaren azken aztarnak galdu zituela. Huangpu ibaiaren egoera zertxobait hobea da. Xangaiko agintariek kiratsaren indizea erabiltzen dute poluzio-maila adierazteko: 365 egunetatik 364 egunetan Suzhon erreka kiretsua egon da eta 165 egunetan egoera berdina izan du Hauangpu ibaiak.
Xangaiko poluzioa hirukoiztu egin da azken berrogei urteetan, eta gaur 12 milioi lagun bizi dira bertan. Estolderi sistemak ordea, ia berrikuntzarik ez du izan.
Xangaiko agintariak aztertzen ari diren proiektuak, Yang-tsen-Kiang ibaian hondakinak isuriko dituen 40 km-ko tunela egitea proposatzen du. Ideiaren proposatzaileen eritziz, Yang-tsen-Kiang-en estuarioa gai izango litzateke hondakin guzti horiek hartzeko.
Uraren poluzioa ez da arazo bakarra. Airearen poluzioak eta poluzio akustikoak ere pisu handia dute. 1984.ean hirian dauden 8000 fabriketako lanen ondorioz 44 tona/km2 hauts jaulki ziren Xangaiko lurretara.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia