}

Bikingoak duela 1.000 urte izan ziren Ternuan

2021/10/20 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

vikingoak-duela-1000-urte-izan-ziren-terranovan
Berreraikitako etxea, bikingoen garaikoa. Arg. Glenn Nagel Photography

Nature aldizkariaren arabera, 1.021. urtean bikingoak Amerikan izan zirela frogatzen duten arrastoak azaldu dira. Ternuako gune arkeologiko batean aurkitutako egurrezko tresnak aztertuta, ikusi dute Atlantikoaz bestaldeko egurra zela, eta dendrokronologiaren bidez zehaztu dute duela mila urte moztutako egurra dela. Metalezko erremintekin egurrean egindako moldaketek ere berresten dute ez zituztela inguruko herri indigenek sortu. Litekeena da, beraz, Atlantikoa zeharkatuta europarrak Amerikara iritsi zireneko arrastorik zaharrena izatea.

L'Anse aux Meadows-en azaldu dira tresnak, Ternuako ipar penintsulan. Badirudi hura izan zela bikingoen oinarrizko kanpalekua, eta handik aztertu zituztela hegoalderagoko beste eskualdeak. Topaketa horiek gertatu izan balira, baliteke patogenoen transmititu izana eta flora eta fauna arrotzak sartu izana. Baina ez dirudi gizaki haien artean elkartruke genetikoa izan zenik, Groenlandiako populazio norvegiarraren datu genetikoak ikusita.

Dendrokronologiak ebatzi du

Orain arte, Islandiako ahozko kontakizunek eman dute bikingoak Amerikan izan zirenaren berri, baina ikertzaileek ez zuten lortzen data zehatzik finkatzea. Izan ere, egindako 14C-datazioek ziurgabetasun handiegia zuten; beraz, inoiz ez dira baliozko frogatzat hartu.

Ternuako ipar penintsulan azaldu dira bikingoen egurrezko tresnen arrastoak. 1.021. urtekoak direla frogatu dute. Barra beltzak 5 cm-ko luzera adierazten du. Arg. Nature aldizkaria, Kuitems et al.

Oraingoan, ordea, unibertsoan izandako izpi kosmikoen gertaera bat baliatu dute erreminta bikingoen dataketa zehatza egiteko. Gertaera kosmiko hark atmosferan, eta, hortaz, baita zuhaitzetako eraztunetan ere ohikoa baino 14C-kantitate handiagoa finkatu zuen, eta marka hori baliatu dute datatzeko. Zehazki, K.o. 993. urteko izpi kosmikoen gertaera erabili dute, sinkronikoki agertzen baita mundu osoko erregistro dendrokronologikoetan. Urte hartan zuhaitzetako eraztunean sortutako markatik azaleraino azaltzen diren eraztunak zenbatuta jakin dute 1021. urtera arte bizi izan zirela zuhaitz haiek.

Ikertzaileen iritziz, lan honek frogatzen du erradiazio kosmikoen gertaerak denbora absolutuaren markatzaile gisa erabil daitezkeela, zehazki dendrokronologiarako, eta, hori baliatuta, iraganeko migrazioak eta kultur trukeak datatzeko.

Dendrokronologiaren inguruko erreportaje zabala ikusgai dago webgunean: Zuhaitzen denboran atzera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia