}

Urtero berreraiki behar den hotela

2003/11/02 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Opor-garaia iristen denean, gehienok eguzki-izpi bila jarduten gara, eta negu-partean are gehiago. Hala eta guztiz, bada hotza pasatzea gustuko duenik. Suedian lehenik eta Quebec-en ondoren, izotzezko hotelak eraiki dituzte. Inork ordainduko luke –5ºC-an lo egiteagatik? Sinesgaitza bada ere, baietz dirudi!
Binaka berotzeko aukerarik ez dago, ondo itxitako bakarkako lo-zakuetan egin behar baita lo. (Argazkilaria: Yves Tessier)

Izotzezko lehen hotela Suediako Jukkasjärvi herrian eraiki zuten 90eko hamarkadan. Jacques Desbois quebectarrari izugarri gustatu zitzaion ideia eta Quebec-en mota horretako bi hotel eraikitzen ditu negu oro. Lehena duela bi urte ireki zuen, eta aurten beste bat zabaldu du. Biek arrakasta handia izan dute.

Desbois jauna oso jakituna da iglu-kontuetan, baina, izotzez eginiko hotela eraikitzeko suediarren laguntza behar izan du.

Hotel oso erresistentea

Hotelaren lehengaia, jakina den lez, elurra da. Guztira 12.000 tona elur eta 400 tona izotz behar izan dituzte Quebec-eko lehen izotzezko hotela eraiki ahal izateko. Abenduaren hasieran kanoi bidez elurra ekoizten hasten dira hotel inguruan eta elur hori metalezko moldeetan sartu eta forma bereziak ematen dizkiote. Ondoren, eraikinaren zati garrantzitsuenak osatzen dituzte.

Elur oso trinkoa erabiltzen saiatzen dira beharrezko formak ahalik eta egokien osatzeko. Denborarekin, elur hori haitza bezain gogor gelditzen da eta izotz bihurtzen da. Gero horma atera egiten da moldeetatik, kontu handiz, pieza bat bera ere hauts ez dadin.

Sarrerako zutabeak 5 metro luze dira (Argazkilaria: Xavier Dachez).

Horrelako hotel bat eraikitzeko izotz-kantitate handiak behar direnez, Montreal hiritik ere eramaten dute horma. Montrealdik hartzen duten izotza oxigenorik gabekoa da. Era horretan, guztiz horma gardena lortzen dute. Pieza horiek altzarietarako (oheak, eserlekuak eta abar...), hoteleko zutabeetarako, eskulturetarako eta beirazko tresneriarako erabiltzen dituzte.

Kanadako eta Suediako neguak oso hotzak izaten dira, baina gerta liteke urteren batean bero gehixeago egitea; hori gertatuz gero, hotel hauek arriskuan egon litezke. Izan ere, neguan bakarrik irekitzen dira. Udaberria hurbiltzearekin batera, guztia urtu egiten da eta hurrengo urteko negura arte itxaron behar izaten dute berriz ere guztia eraiki eta hoteleko ateak ireki ahal izateko. Urtero, beraz, hotela berreraiki egin behar izaten dute; horrek dekoratuak eta gainerakoak aldatzeko aukera ematen die.

Quebec-eko lehen hormazko hotelak 5,4 metro baino gehiagoko altuera zuen eta 3.000 m2-ko azalera. Eraikitzen ari zirela, hotelaren % 40 amaiturik zegoenean, euri pixka bat egin zuen eta kanpoko tenperatura 8 Cº-ra iritsi zen. Arraroa bada ere, neguaren hasiera epela izan zen. Hala eta guztiz, ez zen deus ere desegin elurrak zuen dentsitate handiari esker.

Mota honetako eraikinek apirila arte irauten ahal badute ere, jabeek, maiz, hotela martxoan ixteko erabakia hartzen dute, tenperatura epelak lehenago iritsiko diren beldur.

Beste hotelek bezainbat zerbitzu

Quebec-en hiru negutan eraiki duten hotela iglu baten eta luxuzko hotel baten arteko nahasketa bat dela esan daiteke. Sarreran dagoen larruzko gortina pasa eta izotzez inguraturiko unibertsoan barneratzen da bezeroa, sentsazio berriak ezagutzeko asmoz.

Urtetik urtera ezkontza gehiago ospatzen da eliza honetan. (Argazkilaria: Yves Tessier).

XXI. mendeko eraikin honek luxuzko sarrera eta egongela handi bat ditu. Zutabe finez osaturik dago eta sabaia izugarri dotorea du. Egongelaren ondoan taberna eder bat dago. Cocktelak zerbitzen dituzten edalontziak ere hormazkoak dira, "hartz polarrak" deitzen diete.

Horrez gain, izotzezko hotel honek zinema-areto bat eta eliza txiki bat dauzka. Negu oro hamar bat ezkontza ospatzen dituzte bertan. 400 pertsona inguru sartzen diren Nice Club izeneko harrera-gela bat ere badu, erakusketa-gela baten aldamenean.

Intimitaterik gabeko logelak

Guztira 20 logela eta 12 suite ditu hotelak. Logelek ez dute aterik, hormazko paretek ez baitute onartzen. Gortina fin batek bezeroen intimitatea gordetzen du eta beren erropa eta maletak ongi zainduriko jantzitegi batean gordetzen dizkiete. Inoiz gauean hotza sentituz gero, ahaztu maletan zenuen jertse lodiaz...

Oheak hormazko blokez eginik daude, baina zurez estaltzen dituzte. Egurraren gainean, larruzko tapaki bat jartzen dute. Lokartu aurretik, hamaika kontu egin behar izaten dute bezeroek: larruzko estalkiaren gaineko izaran sartu, ondoren lozakuan barneratu, ingurutik ur daitezkeen objektu denak kendu, kremailera igo, velcroa lotu, txapela jantzi, begiak itxi eta amets on...!!

Barrena berotzeko hobe Vodka pixka bat edatea. (Argazkilaria: Xavier Dachez).

Goizaldera eguzki-izpiek hoteleko paretak eta sabaia zeharkatu bezain laster, bezeroak beren oheetatik altxa eta jangelarantz hurbiltzen dira gosaltzera, eguneroko bisitaldiak hasi baino lehen. Izan ere, hotela izateaz gain, museoa ere bada da eraikuntza hau.

Honelako hotel batean gau bat pasatzeak zenbat balio duen? Logela arrunt batek 400 euro balio du, eta, zure gustura dekoraturiko suit batean lo egin nahi izanez gero, 5.000 euro ordaindu beharko dituzu.

Orain arte Quebec-eko hotelera hurbildu diren bezeroen % 95 atzerritarrak dira, gehienak estatubatuarrak. Badakizu, sentsazio berriak bizi nahi izanez gero, eta izotz-puska baten gisan gelditzeko beldur ez bazara, hor duzu aukera!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia