}

Uretatik datorren indarra

2002/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzialariak aspalditik ari dira erregai merkea eta garbia lortzeko asmoz uretatik hidrogenoa erauzteko metodo eraginkor baten bila. Baina ur-molekula banatzea ez da erraza. Elektrizitatea baliatuz egin badaiteke ere, prozesu poluitzailea litzateke. Aldiz, eguzkiaren argia energia-iturri gisa erabiliz gero, ingurumenari kalterik egiten ez dion prozesua lortuko litzateke.

Japoniako Zhigang Zouk eta bere taldekideek argi ikusgarrian funtzionatzen duen eta erabiltzearen poderioz degradatzen ez den metal oxidozko fotokatalizatzailea aurkeztu dute. Oxidoak indioa, tantaloa eta nikela ditu, eta azken horren kantitatearen araberakoa da fotokatalizatzailearen eraginkortasuna. Eguzki-argitan uretan sartuz gero, oxigenoa eta hidrogenoa sortzen ditu, eta oraingoz eguzki-energiaren % 99 xahutzen badu ere, eraginkortasuna areagotzea espero dute. Hala izanez gero, laster merkaturatzeko prest egongo litzateke. Izan ere, hidrogenoa energia-iturri garbia, merkea eta askotariko erabilera duena da. Esate baterako, ibilgailu elektrikoen erregai-piletan erabil liteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia