Elhuyar zientziaren komunikazioa

Uranok planeta-bilatzaileen aroa ireki zuen

2002/03/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

1781. urteko martxoa arte sei planetak osatzen zuten eguzki-sistema: Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter eta Saturno. Sei haiek ziren zerura begien bistaz ikusten ziren planeta guztiak eta, Galileok teleskopioa aspaldi asmatu bazuen ere, inori ez zitzaion bururatu ikusten ez ziren planetak egon zitezkeenik. Teleskopioaren laguntzarik gabe ikusten ez ziren milioika izar zeudela onartzen bazen ere, planetekin berdin gertatzen zenik ez zen oraindik susmatzen. Baina martxoaren 13an William Herschel astronomo britainiarrak Urano aurkitu zuen.

Voyager 2 zundak 1986. urtean jasotako Uranoren argazkia.
NASA

Herschel izarren posizioak neurtzen ari zen eta Gemini konstelazioan disko-itxurako objektu bat ikusi zuen. Hasieran ziurtzat jo zuen urrutiko kometa bat zela, planetez aparte, kometak baitziren teleskopiotik behatuta disko-itxura zuten objektu zerutiar bakarrak. Baina kometak lausoak izan ohi dira eta objektu hark punta zorrotzak erakusten zituen. Gainera, Saturno baino polikiago higitzen zen eta urrunago zegoen. Herschel-ek objektu hura planeta bat zela ondorioztatu zuen eta, hainbat gorabeheraren ondoren, planeta berriak Urano ( Ouranos grezieraz) izena jaso zuen, mitologia greziarrean zeruetako jainkoa eta Saturnoren aita.

Urano Eguzkitik 2.900 milioi kilometroa dago batez beste, hau da, Saturno baino bi bider urrunago. Jupiter eta Saturno bezala, Urano ere gasezko erraldoia da, baina haiek baino dezente txikiagoa: 51.118 kilometroko diametroa du eta Lurrak baino 14,5 bider masa handiagoa (8,683x1.0 25 kg). Urruntasuna eta tamaina ‘txikia’ medio, Jupiter eta Saturnok baino askoz gutxiago egiten du dir-dir eta, non dagoen jakinda gau beltzean begien bistaz atzeman badaiteke ere, ez da harritzekoa duela hain gutxi aurkitzea. Izan ere, planetak gorputz dirdiratsutzat hartzen ziren.

Sir William Herschel (1738-1822). Urano aurkitzeaz gain, 800 izar bikoitz eta 2.500 nebulosatik gora katalogatu zituen. (Argazkia: NASA).

Dena dela, atzeraka ikertuz gero ikusten da kronika astronomikoan badaudela Uranoren arrastoak. Adibidez, 1690ean John Flamsteed astronomo ingelesak izar bat izendatu zuen Zezenaren konstelazioan. Uranoren orbita kalkulatu zenean, izar hura Urano zela ohartu ziren. Charles Lemonier astronomoak ere 13 bider ikusi zuen Urano, aldiro toki desberdin batean, baina ez zen konturatu objektu bera zela eta 13 izar erregistratu zituen.

Uranoren segida

Uranoren ondotik Neptuno eta Pluton aurkitu ziren, eguzki-sistemako zortzigarren eta bederatzigarren planeta. Neptuno 1846. urtean aurkitu zen, Urban Jean Joseph Leverrier astronomo frantziarraren eta John Couch Adams matematikari britainiarraren kalkuluei jarraiki. Izan ere, Uranoren orbitak ez zuen kalkulu teorikoekin bat egiten. Ikertzaile bakoitzak bere aldetik Uranoren orbitan planeta ezezagun batek eragiten zuela kalkulatu zuten eta planeta hori non aurkitu ere zehaztu zuten. Antzeko kalkuluek bideratu zuten Pluton-en aurkikuntza ere 1930. urtean.

Geroztik, Plutondik harantzago ‘Kuiperren gerrikoa’ deritzon eskualdea dagoela jakin da, ehunka izotzezko objektuz osatua, eta hainbat exoplaneta –gure galaxiaz kanpoko planetak– detektatu dira.

Errotazio bitxia

Uranoren ezaugarri berezietako bat errotazioa da. Planeta gehienek ekliptikaren planoarekiko zut dute errotazio-ardatza, baina Uranok ia-ia paralelo dauka. Errotazio ardatzak 98 graduko inklinazio-angelua du, eta, beraz, Eguzkitik begiratuz gero, Urano etzana dagoela dirudi.

Hubble teleskopioak 1998. urtean egindako argazkia. Uranoren eraztunak ikus daitezke.
NASA

Eguzkiaren inguruan bira bat osatzen 84 urte ematen dituenez, Uranoren polo bakoitza 42 urtez dago argipean eta beste 42z ilunpean. Lurrean ez bezala, Uranoren poloek ekuatoreak baino energia gehiago jasotzen dute Eguzkitik, nahiz eta gero tenperaturan ez den nabaritzen. Aldiz, Lurrak modu berean biratuko balu, urtaroak hain muturrekoak izango lirateke, non bizitza ez zatekeen garatuko.

Konposizioari dagokionez, batik bat arroka eta ‘izotza’ (ura, metanoa eta amoniakoa) dago Uranon. Jupiter eta Saturnon ez bezala, hidrogeno eta helio gutxi dago. Uranok ez dauka nukleorik, Jupiter eta Saturnok, ordea bai; aldiz, Uranoren osagaiak gutxi gorabehera uniformeki banatuta daude.

Gasezko beste erraldoien antzera, Uranok eraztunak dauzka.
1977. urtean detektatu zituzten, Urano SA0158687 izarraren aurretik igaro zenean. 1973. urtetik bazekiten 1977.eko martxoaren 10ean Urano izar horren aurretik pasatuko zela, eta neurketak egiteko aukera paregabea izango zutela. Izan ere, izarraren argiak Uranoren atmosfera zeharkatuko zuen. James L. Elliot-ek eta beste zenbait astronomok hegazkin batetik behatu zuten fenomenoa, eta Uranok izarra estali aurretik, izarraren argia 5 aldiz moteltzen ikusi zuten; moteltzeak errepikatu egin ziren izarra berriz agertu zenean, baina oraingoan alderantziko ordenean. Horrela, Uranok eraztunak zituela jakin zen eta eraztunak Saturnoren bereizgarri zirela pentsatzeari utzi zitzaion. Izan ere, artean ez ziren ezagutzen Jupiterren eraztunak.

Voyager 2 zundak Urano bisitatu zuen 1986. urtean.
NASA

Gaur egun, Uranoren 11 eraztun ezagutzen dira, oso ilunak denak, Uranotik 38.000 eta 52.000 kilometro artean daudenak. Eta eraztunez gain, 21 satelite ezagun dauzka. Bost handienak 1787 eta 1948 artean aurkitu ziren, teleskopioarekin. Hamaika
Voyager 2
zundak aurkitu zituen 1986. urtean hara iritsi zenean, eta gainontzekoak azken sei urteetan aurkitu dira, Uranotik oso urrun baitaude.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia