Urakanaren bigarren begian dago koska
2007/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Urakanen iragarpenak asko hobetu dira azken urteotan, eta gehienetan asmatzen dute urakanak zer ibilbide egingo duen, gutxi gorabehera bada ere. Baina urakanaren indarra iragartzea beste kontu bat da: urakanaren begia inguratzen duen hormaren araberakoa da, eta horma hori oso erresoluzio handiz behatu behar omen da iragarpena egiteko. Eta, orain arte behinik behin, ez dute halako tresneriarik erabiltzen.
Bada, orain, aurrerapauso txiki baten berri eman dute Estatu Batuetako Zientzia Fundazioaren RAINEX proiektuarekin. Hiru hegazkin erabili dituzte urakanaren begia eta horma behatzeko, erresoluzio handiko tresneriaz hornituta. Hain zuzen ere, hiru urakan behatu zituzten 2005ean: Rita, Katrina eta Ofelia. Eta ikusi zuten urakanaren indarraren gorabeherak begi bat desagertu eta beste bat sortzen denean gertatzen direla.
Begia hiltzen ari denean posible da bigarren begi bat sortzen hastea, eta, bien artean haize lehorreko ingurune bat tokatzen bada, zulo esaten diotena, zulo horrek bigarren begiarekin bat egin dezake. Orduan, begia zabaldu egiten da, eta urakanak indarra galtzen du; gero, uzkurtu egiten da, eta urakana berriro indartzen da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia