Ur-igela, bizkorra bezain zaratatsua
1994/09/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Plasta!! Oso-oso bertan izan den arren, ez dut ongi ikusterik izan eta berehala ezkutatu da uretako lezken artean. Bost pauso gehiago besterik ez eta berriz ere “plasta”!! Oraingoan bai! Igel berde potoloa izan da eta urpeko harrikozkor baten azpian bere burua gordetzen ikusi dut. Lasai asko eseri naiz putzu-bazterreko enbor-ipurdi batean, eta minutu-pare bat geroago, urgainean flotatzen jarri da, bere begi handiekin niri so.
Igel, apo, eta beste anfibio guztien arbasoek, Deboniko aldian zeuden arrain sarkopterigioetatik eboluzionatu zuten, eta ordurarte ornodunek kolonizatu ez zuten lur lehorrean bizitzen hasi ziren duela 400 milioi urte inguru. Animalia hauek, uretako bizitzatik askatu egin ziren neurri batean, baina beren larruazala beti heze mantendu behar izateaz gain, putzu eta erreketara itzuli behar izaten dute bizitzaren lehen urratsak betetzera.
Eta putzu, urmael, eta ibaiak dira, hain zuzen ere, gure jauzilari trebe honen habitat tipikoa. Leku heze hauetan, talde zaratatsuak osatzen ditu ur-igelak ( Rana ridibunda izenekoak). Tamainaz, Europan dagoen bertako igel handiena dugu eta normalean 7 10 cm-ko luzera badu ere, askotan 15 cm-raino hel daiteke, 130 gramoko pisua ere izanik. Burua, luzea baino pixka bat zabalagoa eta mutur zorrotza izaten ditu. Oso nabarmenak dira, bestalde, buruaren gainaldean eta bata bestearengandik hurbil dituen bi begiak. Hauetan begi-nini horizontala eta iris arre-horiska ikus daitezke, eta buruan, zertxobait atzerago, erraz bereizten diren tinpano biribil handiak ditu. Igel gorriek eta zuhaitz-igelek ez bezala, ur-igelak ez du orban ilun tenporalik tinpanoaren gainean.
Ur-igelaren atzeko hankak jauzi ikusgarriak egiteko tresna indartsuak dira eta muturrean dituzten bost behatzak, igeriketan lagungarri den mintz batez loturik daude. Barneko hatzaren alde dortsolateralean, beste igel berdeetatik bereizten duen maskur txikia izaten du. Aurreko hanka motzek, berriz, lau hatz besterik ez dituzte eta arrek araldian, emearekin lotzen laguntzeko maskur itsaskor batzuk dituzte.
Igel dotore honen larrua, bikortsua izaten da normalean, eta bizkarraren bi aldeetan eta atzeko hanketaraino, guruinez beteriko bi lerro ditu bereizgarri gisa. Kolorazioari dagokionez, aldakor samarra dela esan behar da. Normalean, gainalde berdea eta berde-arreska izaten ditu, eta sabelaldea zuriska eta leuna izan ohi da. Gorputz guztian zehar, tamaina ezberdinetako orban beltzak ikus daitezke, eta maiz, goitik beherako arrasto berde argia nabarmentzen da bizkarraren erdian.
Gainerako anfibioak bezala, ur-igel heldua haragijalea da eta bere aho zabalari esker, harrapakin handiak irentsi ditzake. Baina ohizko harrapakinak intsektu, molusku, araknido eta zizareak badira ere, ur-igel tripontziak tritoi, igel, edota arrain txikien neurriko ornodunak jan ditzake, harrapatuz gero.
Anuru bizkor honen ugalketa udaberriko lehen egun eguzkitsu eta epelekin hasten da, eta arrek, ahoaren bi aldeetan dituzten aho-zorroak puztuz, sekulako zarata ateratzen dute emeak erakarri eta lurraldeak finkatzeko. Kantuaren poderioz emea erakarri dutelarik, arra gainean jarriko da eskuetan duen maskur itsaskorrez helduta, anplexu axilar deritzon jarreran. Emeak orduan 5-10.000 arrautza kanporatuko ditu, aldi berean arrak espermioaz ernalduko dituelarik.
Arrautza hauek ondora erori eta handik astebetera, 5 mm-ko apaburuak jaioko dira. Hauek brankien bidezko arnasketa duten larba buru-handiak dira eta tenperaturaren arabera, 3-5 hilabete beharko dute metamorfosi izeneko prozesura heltzeko.
Prozesu harrigarri honetan, eta gertaera ikusgarrienak aipatuz, apaburuaren buztana zurgatu eta hankak garatu egingo dira. Horrekin batera, beste egitura asko ere, itxuraz eta funtzioz aldatu egiten dira. Arnas sistema brankiala, adibidez, lehorrean arnasteko birikez ordezkatzen da eta liseri-aparatuak ere aldaketa sakonak jasango ditu: zapaburuaren moko-itxurako aho txikia, arraildura zabal bihurtuko da eta hesteak nahikoa elikadura ezberdinera moldatuko zaizkio.
Helduaren itxura lortu ondoren, tamainaz askoz txikiagoa izanik ere, igeltxo berria uretatik atera eta putzuaren inguruko lurraldean bizitzen hasiko da.
Metabolismo poikilotermoak direnez, ez dira beren gorputzaren tenperatura konstante mantentzeko gai, eta horregatik, tenperaturek behera egiten dutenean (azarotik martxo edo apirila arte, alegia) letargian egongo dira lokazpean gordeta.
Anuru honen banaketa geografikoari dagokionez, Europako erdi-hegoaldean eta ekialdean bizi da. Iberiar penintsula guztian ikus daiteke, isurialde atlantiarrean oso ugaria ez bada ere. Horixe bera dugu Euskal Herrian, eta lurralde osoan topa badaiteke ere, askoz ugariagoa da isurialde mediterraniarrean.
Ur-igelen populazioek atzerakada nabarmena izan dute azken urteotan, batez ere ezinbestekoak diren habitat hezeak galdu direlako. Horrez gain, zenbait lekutan oraindik ere igelak harrapatu egiten dira (batez ere ugal sasoian) jateko edo saltzeko. Azkenik, errepidetan zapalduta edota poluzio eta produktu kimikoen bidez pozoituta ere asko hiltzen dira. Hau guztia dela eta, derrigorrezkoa da habitat ahul hauek babestea eta hiltzeko beste iturriak murriztea, ornogabeen harrapakari ezinobe hauen populazioak hezegune guztietan manten daitezen.
Espeziea: Rana ridibunda |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia