}

Unibertso goiztiarra ez zen uste bezain kaotikoa

2020/08/12 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

unibertso-goiztiarra-ez-zen-uste-bezain-kaotikoa
Arg. ALMA (ESO/NAOJ/NRAO), Rizzo et al.

Esne Bidearen antza dutenen artean, orain arte behatutako galaxiarik urrunena aurkeztu dute astronomoek: 12.000 milioi argi-urtera baino gehiagora dago SPT0418-47 galaxia. Horrek esan nahi du unibertsoak 1.400 milioi urte besterik ez zituenekoa dela orain jasotako irudia. Nature aldizkarian jaso dute Txileko ALMA teleskopioarekin egindako aurkikuntza.

ESO Europako Behatoki Australak prentsa-ohar batean adierazitakoaren arabera, aurkeztutako datuek zalantzan jartzen dute unibertso gaztean galaxia guztiak asaldatuak eta ezegonkorrak zirelako ideia, galaxien eraketari buruzko ikuspegi berriak lantzeko bidea irekiz.

Beso kiribilak eduki ez arren, SPT0418-47 galaxiak disko birakari bat eta protuberantzia bat ditu. Irudian, baina, ez zaizkio horrelakorik antzematen: galaxia distortsionatuta agertzen da, eraztun baten itxura hartuta.

Kontraesan moduko hau ulertu aldera, kontuan hartu behar da hain urruneko behaketa egin ahal izateko erabili duten trikimailuaren ondorioa dela itxura bitxi hori. Izan ere, grabitazio-lente baten bitartez eskuratu dute irudia. Halakoak gertatzen dira bahatutako objektuaren eta Lurraren artean bigarren objektu masibo bat dagoenean, ikusmen-lerroan bertan bete-betean kokatuta. Erdibideko objektu horren grabitateak atzean dagoen objektuaren argia distortsionatzen eta handitzen du, lente bat balitz bezala. Kasu honetan, gertuago dagoen beste galaxia bat izan da lente horren funtzioa bete duena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia