}

Uki ezazu unibertsoa

2001/06/06 Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako Noreen Grice astronomoak Hubble teleskopioaren irudietako batzuk bildu eta itsuek ikusteko moduan moldatu ditu Uki ezazu unibertsoa liburuan. Hubblek argazkitan hartutako planeta eta galaxiak uki daitezkeen lerro, tontor eta sakonune bilakatu ditu, ikusmen-arazoak dituztenek ikusi ezin dutena senti dezaten.

Liburua itsuentzat eta ikusten dutenentzat egina dago. Ukipen-irudiak koloredunak dira, eta bakoitzak, braille testu bat eta kode bat darama alboan. Kodeak lerro eta tontor bakoitzak zein kolore adierazten duen esaten dio irakurleari. Adibidez, Saturnoren irudi koloretsuak azalpena du alboan. Urdinaren tonuek hodeien tamaina eta konposizio kimikoaren aldaketak adierazten dituzte. Berdeak eta horiak lainoa adierazten dute. Koloreak Saturno zeharkatzen duten ukipen-banden bidez adierazita daude eta planetak dituen eraztunak, berriz, tontorren bidez.

Noreen Grice astronomoak Uki itzazu izarrak liburua ere kaleratu zuen. 15 urte daramatza itsuei astronomia erakusten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia