}

Udazken-koloreak

2001/10/02 Elhuyar Zientzia


Udazkenarekin batera iristen zaizkigun kolore-nahasketek urtero-urtero txunditzen gaituzte. Laster hasiko dira gure basoetako zuhaitzak gorriz janzten, baina zergatik gertatzen da hori? Hona hemen azkeneko teoria.

Azken aldian hostoen kolore-aldaketaren arrazoiaren teoria osatzen duten datu berriak azaldu dira. Tree Physiology aldizkarian argitaratu berri den lanaren arabera, gorritze hori babesa litzateke. Eguzkitik babesteko modua, argia oso bizia denean, horrek fotosintesia inhibi baitezake. Hori, noski, urte osoan zehar gerta liteke. Baina udazkenean, zuhaitzen hostoak erortzeko prestatzen ari direnean, horietatik ahalik eta elikagai gehien birxurgatu egin behar izaten du zuhaitzak. Memento horretan ehun fotosintetikoak inoiz baino ahulago egoten dira, batez ere argi biziaren eta bestelako estres-egoeren aurrean.

Hostoari kolore gorrixka ematen dion molekula antozianina da. Zuhaitza hostoetako elikagaiak birxurgatzen hasi bezain laster hasten da antozianina-kantitate handia sortzen. Batez ere hostoen azaletik gertu kokatzen da pigmentua, eta ahulen dauden mementuan Eguzkiaz babesteko pantaila osatzen du. Horrela, fotosintesia ez inhibitzea lortzen da, eta hostoetako elikagaiak birxurgatzen jarraitzeko nahikoa energia lortu ahal izango du.

Pigmentu horren kontzentrazioa bestelako egoeretan ere handitzen da: oso tenperatura hotzarekin, lehorteekin eta elikagai –batez ere nitrogeno, fosforo eta potasio- gutxiko egoeretan, besteak beste. Hori dela eta, kolorerik bizienak egunak eguzkitsuak eta lehorrak diren garaian azaltzen dira, egunez eguzkia eta gauez hotz egiten duenean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia