}

Txupa-txupsa

1998/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria


Hemendik aurrera ez harritu automobila gidatzen zoazela gelditzeko eskatu eta alkoholemia-kontrola dirudien batean poliziak makildun goxoki bat, piruleta bat, eskaintzen badizu. Adarra jotzen ari direla pentsa badaiteke ere, droga-kontrola egiteko sistema berria da.

Apika alkoholemia-kontroletan putz egitea behin baino gehiagotan eskatuko zizuten zuri ere, irakurle, alkoholik edan ote duzun jakiteko. Drogen eraginen menpe gidatzea ez da seguruagoa, noski, baina orain arte ezin zitekeen jakin gidariak drogarik hartu ote duen edo ez. Hutsune hori betetzera omen dator “piruleta”.

Britainia Handiko Cozart Biozientziak izeneko laborategian ekoiztu dute goxokia. Makildun goxoki arrunta badirudi ere, goxokiak itsatsirik daraman substantzia dela eta, askori ez zaio batere gozoa gertatuko. Substantzia horrek, izan ere, listuan zenbait drogen arrastoak antzematen ditu, hau da, marihuana, kokaina, extasia, metadona, anfetaminak, barbiturikoak eta heroina eta morfinaren familiako substantziak “salatzen” ditu goxokiak. Emaitza positiboa bada, poliziak odol-analisiak egiteko eskatuko dizu.

Oraindik ez dira froga guztiak amaitu eta urte bukaera arte ez omen da “piruleta” erabiltzeko moduan egongo Britainia Handiko errepideetan. Hango Garraio Ministerioak esan duenez, iazko urtarriletik urrira bitartean gertatu ziren istripuen % 26 drogen eraginen menpe zeuden gidariek eragin zituzten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia