}

Tximino-jaleak hiesaren sorreran

2003/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hiesa eragiten duen birus nagusiaren jatorria (GIB-1) oraindik argitu gabe dago, baina Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek zantzu berriak ematen ditu.

Zientzialariek aspalditik uste zuten tximinoetan harturiko immuno-eskasia eragiten duen birusak (SIV) gizakietara salto egitean sortu zela hiesaren birusa. Orain, artikulu horretan, birusa nola eraldatu eta transmititu zen proposatzen dute Britainia Handiko Nottingham-go Unibertsitateko ikertzaileek.

Hain zuzen ere, GIB-1aren eta tximinoen antzeko birusen sekuentzia genetikoa aztertu dute ikertzaileek, eta, horretan oinarrituta, badirudi gizakiak tximinoen haragia jatean pasatu zela GIB-1aren aitzindaria gizakietara.

Bestalde, aitzindari hori bi primate-espezie infektatzen dituzten bi SIV andui nahastuta sortu zela uste dute. Nonbait, espezie batek bestea jatean pasatu zen birusa, eta bien birusen genomak nahastean azaldu zen gizakietara salto egitea lortu zuen aldaera.

Dena dela, ez dakite ziur nahasteak eman ote zion birusari gizakira transmititzeko ahalmena; hori zoriz gerta zitekeela uste dute. Gainera, ez dakite birus aitzindaria gizakira salto egin eta gero mutatu zen ala gizakira iritsi aurretik bihurtu zen GIB-1 birusaren antzekoa. Beraz, oraindik galdera asko daude erantzuteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia