Elhuyar zientziaren komunikazioa

Txillida Bilbon: atmosferaren seinaleak azalean

2014/06/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txillidaren zenbait eskulturak apaintzen dituzte Bilboko kaleak. Guggenheim Bilbao Museoan dago haietako bat: Besarkada XI . Orain dela gutxi, eskultura horren kontserbazio-plana aldatu dute museoko kontserbatzaileek, haren itxura ez baitzen ari eboluzionatzen espero bezala. EHUko ikertzaile batzuekin elkarlanean egindako ikerketa batean argitu dute zer dela-eta gertatu den ezohiko eboluzio hori, eta beharrezko neurriak hartu dituzte. Hitz gutxitan esanda, Bilboko atmosferaren eraginez gertatu da kaltea.

txillida-bilbon-atmosferaren-seinaleak-azalean
Arg. Oihane Lakar/Elhuyar Zientzia

Azala irregularra, material-zatitxoak altxatuta, izan behar ez lukeen kolorea... Ezusteko asaldurak dituzte Eduardo Txillidak altzairu herdoilkorrez egindako eskultura batzuek Bilbon. Kaleko kondizioetan luze irauteko berariaz sortutako altzairua izanda, "ez dira espero litezkeen ezaugarriak", dio Guggenheim Bilbao Museoko kontserbatzaile Ainhoa Sanzek. Nabarmendu du, hala ere, ez direla "kezkatzekoak", oso azaleko asaldurak baitira, eta oso eskala txikikoak. "Dena den, komenigarria da haien jatorria ezagutzea, eskulturak ahal den heinean babesteko neurriak hartu ahal izateko", gaineratu du.

Geruza babesle bat sortzeko gai izateak egiten du altzairu herdoilkorra (Corten izen komertzialaz ere ezaguna da) egoki kanpoko kondizioetarako. Korrosio-geruza bat garatzen du azalean, eta horrek hesi-lana egiten du kanpoko kondizioetako estres-eragileen aurrean. Horrenbestez, asko erabiltzen da kanpoko egiturak sortzeko, hala nola fatxadak, zubiak eta trenbideak. Eta artista askok denbora luzea daramate hura erabiltzen kanpoan egoteko eskulturetan; horietako bat zen Txillida.

Altzairu herdoilkorrez egindako eskulturen egoeraren nondik norakoak, eragileak, konponbide posibleak eta abar ezagutzeko asmoz, ikerketa bat jarri zuten abian EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileek eta Guggenheim Bilbao Museoko kontserbatzaileek elkarlanean. Museoko Besarkada XI eskulturaz gain, baimena izan zuten Bilbon dauden Txillidaren beste eskultura batzuk aztertzeko: Begirari IV, Elogio del Hierro III eta Buscando la Luz IV . "Hiriaren alde desberdinetan daudenez, poluzio-foku desberdinak zituzten, eta, horri esker, konparazio-azterketa ere egin ahal izan genuen", argitu du Julene Aramendiak, EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileak.

Besarkada XI
Arg. Oihane Lakar/Elhuyar Zientzia
Arg. Oihane Lakar/Elhuyar Zientzia
Guggenheim Bilbao Museoa ireki zenetik da artelan hau museoko bildumaren parte, 1997tik. Honela deskribatzen dute eskultura museoan: Altzairuzko egitura hori elementu bertikala eta aldi berean bihurria da. Altzairuzko atalak txirikordatzen eta bihurtzen dira, lurretik hazten diren landareak bailiran, eta beren baitan biltzen dira besarkatzean". Beste eskultura batzuekin batera, Besarkada XI k islatzen du "Txillidaren lanek naturarekin duten erlazio estua. Aire librean, argi aldakorraren pean, lan horiek euren bihurguneen eta perimetroaren itzala uzten dute agerian".
Begirari IV
Arg. Oihane Lakar/Elhuyar Zientzia
Arg. Oihane Lakar/Elhuyar Zientzia
1997an sortutako eskultura hau 2003an jarri zuten gaur egun duen kokapenean, Erribera Parkean, Pedro Arrupe pasabidearen hasieran, Deustuko Unibertsitatearen parean. Zelatan ari den faro bat bezalakoa izanik, artelan bertikala da, totem bat balitz bezala. Altzairuzko egitura zabalduz doa gorantz joan ahala. Goiko aldean, barrunbe bat irekitzen da, eta hutsune horrek Polifemo erraldoi baten begiaren dohaina ematen dio.

Geruza babeslea, ez beti

Oxigenoarekin eta urarekin kontaktuan egonda sortzen zaio babes-geruza altzairuari. Zenbait burdin oxihidroxidoz eratua dago, eta bustitze- eta lehortze-zikloak behar dira hura sortzeko. Pixkanaka, gainera, konposatuok eraldatuz joaten dira, eta gero eta babes handiagoa eskaintzen dute. Aramendiak gertatu ohi den prozesua azaldu du: "Lehenengo etapetan, eskulturaren azal guztian lepidokrozita azaltzen da. Burdin oxihidroxido bat da, eta oso ezegonkorra da, oso aktiboa kimikoki; etengabe erreakzionatzen dueta aldatzen da inguruko agenteekin. Pixkanaka, bustitzeen eta lehortzeen eraginez, lepidokrozita goetita bihurtzen da. Askoz konposatu egonkorragoa da goetita, pasiboagoa. Pasiboagoa izanda, hesi-funtzioa egiten du, eta ez dio poluzioari pasatzen uzten. Horrenbestez, benetako eragin babeslea goetita agertzean sortzen da".

Alabaina, materialak ez du berdin erantzuten atmosfera guztietan, eta kondizio jakin batzuetan ez du sortzen esperotako babesa. "Hala gertatu dela ikusi dugu, Besarkada XI n ez ezik, Txillidaren Begirari IV eskulturan ere. Aldiz, Elogio del Hierro III eta Buscando la Luz IV egoera onean daude: azalera homogeneoa dute, eta kolore egokia", zehaztu du ikertzaileak.

Ezohiko portaera horren eragileak "Bilboko atmosferan ugariak diren partikula batzuk direla ikusi genuen, silikatotan aberatsak direnak batez ere, hala nola hauts naturala edo autoen kearen partikula batzuk --azaldu du Aramendiak--. Gainera, itsasotik hurbil egonda, gatz-partikulak gehitzen zaizkie aurrekoei", dio.

Arazoa: bihurketa etetea

Ikerketarako teknika ez-inbaditzaileak erabili zituzten ikertzaileek, "eskulturei ahalik eta kalte txikiena eragiteko", Aramendiaren arabera. Espektroskopia- eta fluoreszentzia-teknikak erabilita, eskulturen azaleko egitura molekularra ezagutu zuten, alegia, zer konposatuz osatuta zegoen, bai eta oinarrizko egitura zein den ere, hau da, zer elementu kimiko ageri diren azalean, bai kualitatiboki, bai semikuantitatiboki (zer proportziotan dagoen haietako bakoitza).

Besarkada XI eskulturari bezalatsu, Begirari IV eskulturari ez zioten kendu galdategitik ateratzean zuen geruza beltza. Altzairu herdoilkorrean ohikoa den oxidazio-geruza sortu ahala, geruza beltza altxatuz joan da. Erortzen den material guztiaren zati handi bat, beraz, geruza beltzari dagokio. Eroritakoan, kolore gorri bizi-bizia uzten du agerian. Arg. Oihane Lakar/Elhuyar Zientzia

Analisi horien emaitzetan ikusi zutenez, egoera okerrenean zeuden eskulturek lepidokrozita-kontzentrazio handia eta goetita-kontzentrazio txikia zuten, eta egoera onenean zeudenek, berriz, alderantziz. Beste modu batera esanda, "egoera okerrenean zeuden eskulturetan etenda dago lepidokrozita goetita bilakatzeko prozesua", hain zuzen ere, silikatotan aberatsak diren partikulen ondoriozPartikula horiek, bestela, ez diote inola eragiten altzairuari: ez du higatzen, ez du hondatzen, ez ezer", dio Aramendiak.

Eskulturen azaleko material-zati txikiak erortzearen eragileak, bestalde, sulfatoak eta nitratoak dira, batetik, eta igeltsua bestetik. Izan ere, kantitate handietan neurtu zituzten konposatuok eskulturen azalean. Atmosferako sufre dioxidoak eta nitrogeno-oxidoek eskulturen materialarekin erreakzionatzean sortzen dira burdin sulfatoak eta burdin nitratoak. "Oso konposatu disolbagarriak direnez, euriarekin materiala galtzea errazten dute", argitu du Aramendiak.

Euskal Herriko lurrak kare askokoak izateak, gainera, atmosferan igeltsu ugari egotea eragin du, eta, horrenbestez, material-puska txikiak erortzea, igeltsua eskulturen azalean pausatzean. Igeltsua hiru hidratazio-mailatan ager daiteke (igeltsu, hemidrato eta nidrita eran), eta bakoitzak bolumen jakin bat du. Hortaz, batetik bestera aldatzean, bolumena ere aldatu egiten da, eta aldaketa horrek estres fisikoa eragiten du azalean, eta, horrenbestez, material-zatitxoak askatzea.

Aparteko faktore eragileak

Atmosferako partikulen eragina gutxi balitz, egindako ikerketetan Aramendiak ikusi zuen "eskulturak egiteko erabilitako altzairuaren konposizioak berebiziko garrantzia" duela haien kontserbazioan. "Ez genuen gehiegi sakondu horretan, ikerketa oso baterako gaia delako, baina ikusi dugu kontserbazio-egoera onenean zegoen eskultura, Elogio del Hierro III , beste aleazio bateko altzairuarekin eginda dagoela". Corten altzairuz beharrean, Reco deritzon altzairuz eginda dago Elogio del Hierro III (Txillidak Donostiako Haizearen Orrazia egiteko erabili zuen altzairu berdina), eta altzairu horrek "oso ondo erantzuten du Bilboko atmosferaren aurrean", argitu du Aramendiak

Elogio del Hierro III eskultura aztertutako guztien artean egoera onenean dagoen eskulturetako bat da. Kolore uniformea du, eta ez du irregulartasunik azalean. Arg. Oihane Lakar/Elhuyar Zientzia

Corten eta Reco altzairuen aleazioetako konposatuen kantitate-desberdintasunetan dago atmosferako poluitzaileen aurreko erantzuna. Oro har, eta oso gainetik aztertuta, "esan dezakegu aleazioan kobre gutxi duten eskulturak okerrago kontserbatu direla, eta nikel-kontzentrazio handia dutenek hobeto irauten dutela Bilboko atmosferan", gaineratu du ikertzaileak.

Guggenheim Bilbao Museoko Ainhoa Sanzek, bestalde, azaldu du zer tratamendu ematen zaion altzairu herdoilkorrari korrosio-geruza babeslea sortzea bultzatzeko: "Burdinolatik ateratzen denean, geruza beltz batekin ateratzen da. Oxidazio-prozesua errazteko eta era homogeneoan gertatzeko, harearekin garbitzen da, geruza beltz hori kentzeko. Bada, Txillidak ez zuen halakorik egin nahi izan museoan dugun eskulturan. Eta horrek areagotu egin du azala irregularra izatea".

Bada, Besarkada XI n eta Begirari IV n faktore kaltegarri guztiak batu dira: Biak daude Bilboko itsasadarretik hurbil, Guggenheim museoaren ondotik pasatzen den zubiak trafiko handia du, eta, hortaz, autoen poluzio handia dago, eta Txillidak harearekin garbitu izan nahi ez zituen eskulturetako bi dira.

Kontserbazio-plana: gehiago ureztatzea

Egindako ikerketan ateratako emaitza eta ondorioetatik "asko ikasi dugu, eta egunerokora ekarri dugu, moldatu egin baitugu Besarkada XI ri egin beharreko mantentze-lana. Aldian-aldian, ureztatu egiten dugu eskultura, gainazalean gelditu diren poluitzaileak, hautsa eta gatza kentzeko. Hala, partikula horiek garbitzeaz gain, geruza babesgarria osatzeko behar dituen lehortze-bustitze zikloak eragiten dizkiogu. Hortaz, ureztatuta, eragin bikoitza izatea lortzen dugu", argitu du Sanzek.

Ureztatze horiez gain ez dute bestelako neurririk hartu museoan Txillidaren eskulturaren kontserbazioari dagokionez, "ez baitu beharrik. Unibertsitatekoek ikusi dute azalean gauza bitxiak gertatzen ari direla, baina ez da larria, eta ziur gaude eskulturak ez duela hondatzeko inongo arriskurik", dio Sanzek.

Honela jarraitu du: "Uneren batean arrisku hori dagoela ikusiko bagenu, lehenengo neurria eskultura biltegian sartzea izango litzateke, atmosfera poluitzailetik babestearren. Ondotik, sakon ikertuko genuke zer esku-hartze egin genezake eskultura bere onera itzultzeko, eta hori jakinda, Txillidaren familiarekin hitz egin beharko genuke, egin beharreko hori egiteko baimena lortzeko. Izan ere, edozein interbentzio egin baino lehen, jakin behar da zein den artistaren nahia, kontzeptu aldetik zer adierazi nahi zuen. Eta bi interesek ez dute zertan bat egin."

Elogio del Hierro III
Arg. Ibea Laborategia, EHU
"Asko zor dio Bilbok burdinari, bai eta nik ere... Burdinak hiri honetan izan duen historiari omenaldia egiten dio eskultura honek. Lurretik abiatzen da, eraldatu, eta gorantz egiten du". Hitz horiek esan zituen Eduardo Txillidak eskultura hau Bilboko Plaza Biribilean ezartzeko ekitaldian. 1990 eta 1991 urteen artean egin zuen artelana, BBV banketxeak hala eskatuta.
Buscando la Luz IV
Arg. Ibea Laborategia, EHU
Isozaki dorreen arteko plaza izan zen eskultura honen azkeneko kokapena 2013ko ekainera arte. Orduan, enkantera atera, eta Txillidaren artelan batengatik inoiz ordaindutako dirutza handiena ordaindu zuten: 4.806.209 euro. 2001ean sortu zuen Txillidak 8 metro luze eta 16 tonako eskultura.
Luis Txillidak, Eduardo Txillidaren semeak, azaldu zuen nola aukeratu zuten Arata Isozaki arkitektoak eta beraren aitak eskultura horren kokapena: "Bien artean ikusi zuten kokapen hori egokia izango zela Buscando la Luz izena duen eta goruntz egiten duen eskultura batentzat. Hemen, bi etxebizitza-eraikin handi eta harrigarriren artetik ateratzen da aitaren eskultura: gorantz egin ahala zabaltzen da, izena ematen dion argi horren bila".

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia