}

Txerto eraginkorragoak bakteriofagoei esker

2003/03/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

DNA-zatiak erabiliz prestatzen diren txertoak egiteko beste era bat aurkeztu dute Britainia Handiko Moredun Ikerketa Institutuan. Metodo berriaren gakoa bakteriofagoak dira, eta, horien bidez, txertoak egitea merkeagoa eta errazagoa izango dela uste dute.
B hepatitisaren birusa.

Bakteriofagoak bakterioak infektatzen dituzten birusak dira; gizakiari, aldiz, ez diote inolako kalterik egiten. Ikertzaileek B hepatitisaren geneak sartu dituzte bakteriofagoetan; horiekin saguak txertatu eta sortzen duten erantzun immunea neurtu dute. Gero, DNA-zatiekin lortzen den erantzunarekin alderatu dute. Bakteriofagoak askoz ere eraginkorragoak direla ikusi dute: erantzun bera lortzeko, bakteriofagoen kopurua DNA-zatien kopurua baino ehun aldiz txikiagoa izanda nahikoa da.

Txertoak egiteko bakteriofagoak erabiltzeak baditu beste onura batzuk ere. Batetik, bakteriofagoetan sartutako DNA-zatiak babestuta daudenez, DNA-zati soilek baino denbora gehiago irauten dute eta errazago gordetzen dira. Bestetik, bakteriofagoak oso azkar ugaritzen dira, eta horrek asko merkatzen du ekoizpena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia