}

Txantxarrik gabe...betiko!

2001/09/17 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Dentistarenetik sarritan igarotzen denaren ametsa: enpasteak betiko ahanztea. Errealitatea: Bostonen eta Londresen txantxarraren kontrako txertoak prestatzen ari dira. Data: bospasei urte.

Txantxarra ahoko infekziorik arruntena da. Ahoko bakterioek hortzetako esmaltea suntsitzen dutenean agertzen da eta, hortzetako mina eragiteaz gain, poltsikoan ere ematen du min. Txantxarraren kontra hortzak ondo garbitzea eta urtean behin dentistari bisita egitea gomendatzen da.

Txantxarraren eragileetako bat Streptococcus mutans bakterioa da. Substantzia likatsu baten bidez hortzen gainazalera itsastea lortzen du eta, azido laktiko kantitate handiak isuriz, hortzetako esmaltea higatzen du. Bostongo Forsyth Institutuan Streptococcus mutans bakterioaren kontrako txertoa prestatzen ari dira. Txertoak substantzia likatsuaren sintesirako funtsezkoa den hormona bat suntsitzen du; ez du bakterioa hiltzen, baina hortzen gainazalera itsastea eragozten dio. Horrela ezin du plakarik sortu eta hortzetako eskuila pasatuta erraz erauz daitezke.

Emaitza onak

Pertsona helduei txertoa aho-bidez eman diete eta Streptococcus mutans bakterioaren kontrako antigorputzak sortu dituztela ikusi dute. Laborategiko saguei, aldiz, aerosol moduan sudurretik eman diete, eta horiei ere antigorputzak listuan sortu zitzaizkien. Dena dela, ikertzaileen ustez hoberena txertoa umetan hartzea da, 18 hilabete eta 3 urte artean. Izan ere, bakterioak ahoa erabat kolonizatu aurretik suntsitzen badira, txertoak bizitza osorako babesa eman dezake.

Londresko Guy Ospitalean bakterioak zuzenean erasotzen dituzten antigorputzekin ari dira lanean. Txerto honek ez du behin betiko babesa eskaintzen, urtero hartu beharko litzateke, baina, txerto pasiboa denez, erantzun immunologikorik ere ez du eragiten. Beraz, seguruagoa da.

Londresko txertoarekin dagoeneko hasiak dira saio klinikoak, baina bi taldeek esan dute 5-7 urte pasako direla txertoak merkaturatu baino lehen. Izan ere, saio klinikoak finantzatzeko diru-iturriak oso mugatuak dira. Batetik, hortzetako produktuak egiten dituzten konpainiak ez daudelako txertoekin lan egiten ohituta eta, bestetik, botikak egiten dituzten konpainientzat txantxarra ez delako arazo garrantzitsua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia