}

Txakurrak, gizakien lagunak Goi Paleolitotik

2002/11/22 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gizakiaren lagunik onenari buruz, txakurrari buruz, hainbat ikerketa egin dituzte azkenaldian eta, dirudienez, gizakia eta txakurra uste baino lehenagotik bizi dira elkarrekin.

Gizakiak Asiatik Ameriketara migratu zuenean, dagoeneko bazeraman txakurra berekin. Hori da Stockholm-eko Institutu Teknikoko biologo-talde batek ondorioztatu duena. Horretarako, otsoen eta txakur-arrazen mDNA-k (DNA mitokondrialak) konparatu dituzte.

Hala, otsoa eta txakurra duela 15.000 urte banatu zirela jakin dute, hau da, orduan etxekotu zela txakurra. Gainera, Asia ekialdean dauden txakur arrazetan Europan, Asia mendebaldean eta Amerikan baino aberastasun genetiko handiagoa aurkitu dute. Horregatik, ikertzaileen ustez, litekeena da txakurrak Asia ekialdean etxekotu eta hortik mundu osora zabaltzea.

Estatu Batuetan egin duten beste ikerketa genetiko batek ere suediarren teoria berretsi du. Ipar eta Hego Amerikako aztarnategietan aurkitutako txakur-fosilen mDNA aztertuta, Amerikako txakur-arrazak ere Asiatik etorri zirela ondorioztatu dute. Gainera, datak bat datoz suediarren hurbilketarekin; diotenez, txakurra duela 12.000-14.000 urte heldu zen Amerikara.

Garai haietatik hona gizakiaren eta txakurraren arteko lotura oso estua bilakatu dela esan beharrik ere ez dago, eta argitaratu duten hirugarren ikerketa batek hori egiaztatu besterik ez du egin. Londresko Zoologia Institutuan eginiko ikerketaren arabera, txakurra da gizakiaren keinuak hobekien ezagutzen eta interpretatzen dituen animalia. Bien arteko elkarbizitza luzearen ondorio zuzena da hori, zalantzarik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia