}

Transgenikoak txantxarraren aurka

2005/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txantxarrarekin behin betiko bukatzeko metodo bat probatzen hasiko dira AEBetan. Metodo hori txantxarraren lehen eragilea, Streptococcus mutans bakterioa, genetikoki eraldatzean datza.

Bakterio horrek jakietan dauden azukreak metabolizatzen ditu, eta, ondorioz, azido laktikoa sortzen du. Azidoak hortzen esmaltea kaltetzen du, eta hortik sartzen dira ahoan dauden gainerako bakterioak. Genetikoki eraldatutakoak, ordea, ez du azidorik sortzen; beraz, ez du txantxarra sortzeko aukerarik ematen.

Gainera, azido laktikoaren ordez, Streptococcus mutans arruntak suntsitzen dituen substantzia bat ekoizten du, eta, hartara, bakterio transgenikoak arrunta ordezkatzea lortzen du. Metodoa animalietan probatu dute eta hemendik aurrera gizakietan probatzen hasiko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia