}

Transgenikoak egiteko teknologia, denon eskura

2005/02/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Argazkian tabako-hosto bat ikusten da, eta tabako-hostoan azaltzen diren puntu urdin horiek, berriz, bakterioak dira. Eta ez nolanahikoak, alajaina! Izan ere, tabako-landarearen genoma eraldatzea dute helburu; hau da, horien eginkizuna tabako transgenikoa lortzea da.

Normalean, landare baten DNAn gene arrotzak sartzeko, Agrobacterium bakterioaz baliatzen dira ikertzaileak. Horri esker, landarearen ezaugarriak aldatzea lortzen da. Sistema, ordea, ez da merkea, Agrobacterium-ean oinarritutako teknologia patentatuta baitago.

Baina Camberrako ikertzaile batzuek Agrobacterium-a ordezkatzeko modua bilatu dute, eta oso emaitza onak lortu dituzte hiru bakteriorekin, Sinorhizobium meliloti, Mesorhizobium loti eta Rhizobium sp. NGR234 bakterioekin, hain zuzen. Bakterio horiek naturan badaude, eta berez izaten dute elkarrekintza landareekin. Orain, berriz, eraldaketa genetikoan erabiltzeko aproposak direla frogatu dute. Horretaz gain, ordezko bakterioetan oinarrituta garatu duten teknika ez dute patentatu; beraz, hemendik aurrera bioteknologian ikertzea lehen baino merkeagoa izan daiteke.

Argazkia: ©CAMBIA.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia