}

Tiranosauro emea

2005/06/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Montanako mendietan fosil bat aurkitu dute, tiranosauro eme batena. Zientzialariek fosildutako hezurrak moztuta jakin dute hori. Tiranosauroaren hezurrak gaur egungo ostrukarenak bezalakoak dira gutxi gorabehera; hain zuzen ere, bi espezieen arteko konparazioa eginda lortu dute jakitea dinosauro hura emea zela. Ostruka (eta emu) emeek hezur-muin berezia dute arrautza garatu ahal izateko: odol-hodi txiki asko dituzte kaltzioa arrautzaraino eramateko. Arrek, aldiz, ez dute horrelako hezur-muina. Montanako tiranosuroaren hezurren barruan ostruka emeen egitura bera aurkitu dute, eta, beraz, emea izan zela ondorioztatu dute zientzialariek. Arra izan balitz ezin izango lukete jakin, hezur-muin horren falta urtetako degradazioaren ondorio izan daitekeelako.