}

Telefono-deiak iragazteko bidea

1992/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Frantziako "Télécom" enpresak, telefono-linea linea pribatu bihur dezakeen gailua kaleratu berri du. Nolabait esan, abonatuak nahi duenean "zerrenda gorrira" sartzen da eta nahi duenean zerrenda gorritik atera egiten da. "Zerrenda gorria" telefono-zenbakia ezkutuan eduki nahi dutenekin osatzen da. Une honetan Frantzian 5 milioi abonatu baino gehiago daude aipatu zerrenda gorrian.

Hala ere, zerrenda honetan egoteak badu arazo bat, hau da, abonatua denbora guztian dago inkomunikaturik kanpokoekin, zenbakia ezagutzen dutenekin izan ezik.

Telefono-deien iragazleak "Selectappel" izena du eta telefono-linea eta telefonoaren artean kokatzen da. Aktibaturik dagoenean, (abonatuak nahi duenean ipintzen da) ahots sintetiko batek kode-zenbakia markatzea eskatzen du. Kode-zenbaki hau abonatuak nahi duenari ematen dio. Kode-zenbakia markatzen denean telefonoak jo egiten du.

Kode-zenbakia markatzen ez bada ostera, telefonoak ez du jotzen eta geroago deitzeko aholkatzen du.

Kodea hiru zifrako zenbakia da eta abonatuak nahi duenean alda dezake.

Sistema honek abantaila nabariak eskaintzen dizkio telefono-erabiltzaileari. "Zerrenda gorrian" daudenek ez dute zenbakia sekretupean zertan mantendu beharrik.

Dei-iragazle hau Frantzian eros daiteke eta prezioa 2.000 liberakoa (40.000 pta-koa) da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia