}

Telebistaz egindako ebakuntza

2001/09/20 Elhuyar Zientzia


Frantziako zirujau batzuek Ozeano Atlantikoaz bestaldetik kontrolatutako lehen ebakuntza egin dute.

Gaixoa 68 urteko emakumea izan da. Behazun-xixkua kendu behar zitzaion, gaur egun erraz egiten den ohiko ebakuntza. Emakumea Estrasburgoko ospitale bateko ebakuntza-gelan zegoen eta zirujauak, ordea, New Yorken, hau da, handik 7.000 kilometrora.

Erabili zuten teknika ere, ordenagailu bidezko laparoskopia, ohikoa da behazun-xixkua erausteko. Teknika horretan, ordenagailuak robot-beso batzuk kontrolatzen ditu zirujauaren agindupean. Gainera, zenbait agindu sinple, "gora" edo "behera" bezalakoak, ahotsaren bitartez egin daitezke.Bestalde, laparoskopiak gaixoaren barruan sartutako kamara ñimiño batzuk ere erabiltzen ditu. Kamara horien irudiek telebistakoen adinako kalitatea dute.

Lehen probak duela bi hilabete egin ziren, sei txerrirekin. Orain, lehen aldiz erabili da tresneria hori Ozeano Atlantikoaz bestaldetik pertsona bati ebakuntza egiteko. Aginduak New Yorken eman eta Estrasburgora zuntz optiko bidez iristen ziren, oso denbora laburrean. Izan ere, teknikaren arazorik larriena komunikazioaren bizkortasuna da, seinalearen segundo bateko atzerapena oso arriskutsua izan daitekeelako.

Medikuek ebakuntza konplexuagoak egiten saiatu nahi dute aurrerantzean. Horien ustez, teknika berri horren bitartez, munduko edozein tokitan egin litezke ebakuntza zailak adituak bertaratzeko beharrik gabe. Bestalde, munduko edozein bazterretan dauden zirujauak treba litezke sistema hori erabilita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia