Tanzaniako paradisua, Ngorongoro
2010/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Basapiztiekin liluratuta dauden bidaiariek Afrikako kontinentea dute jomuga gustukoena, eta Tanzania nahitaezko herrialdea da natura bizi-bizirik sentitzeko eta gozatzeko. Bertako paraje natural garrantzitsuenetako bat Ngorongoro Kontserbazio Gunea da. 8.300 km 2 -ko azalera du, Gipuzkoaren hedadura halako lau, eta Arusha eskualdean dago, herrialdeko iparraldean.
Gune babestu horren bihotza Ngorongoro kraterra da. 20 km-ko diametroa du, eta Tanzaniako paradisua deitzen diote. Sumendia duela milaka urte itzali zen eta, orain, haren kraterraren barnealdea basanimalien erreserba oso garrantzitsua da: Afrika kontinente osoko faunaren lagin bizia da: zebrak, gazelak, elefanteak, antilopeak, flamenko arrosak, lehoiak... Kalkulatzen da krater osoan 25.000 ugaztun eta hegazti inguru bizi direla.
Gaur egun, gune babestu horretan bizi ahal izateko baimena duten pertsona bakarrak masaiak dira. Sumendiaren oinarrian bizi dira. Euren tunika gorri dotorea eta marfilezko lepokoak jantzita, sabanako lautadan aritzen dira ganadua larratzen, beti prest bidaiariari irribarrea eskaintzeko.