}

Sukarra, COVID-19aren adierazle?

2020/04/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

sukarra-covid-19aren-adierazle
Koronabirus berriak eragiten dituen sintomen artean, sukarra da aipatuena, eztula eta arnasa hartzeko zailtasunarekin batera. COVID-19aren izurria hasi zenetik, komunikabideetan ikusi dugu tenperaturaren bidez bereizten dutela nor egon daitekeen infektatuta eta nor ez, aireportuetan, mugetan eta, oro har, birusa erraz transmititzen den leku eta egoeretan. Geroztik, ohikoa bihurtu da tartean behin tenperatura hartzea, infekzioaren susmoa uxatu ala baieztatzeko.

Batzuetan, ordea, ez da erraza sukarra ote dugun jakitea. Zabalduta dago 37 ºC-an dagoela muga, baina, askorentzat, zerbait ondo ez dagoen seinale da hori. Hain zuzen, giza gorputzaren tenperatura egokia 37 ºC-koa dela XIX. mendearen erdialdean ezarri zuen Carl Reinhold August Wunderlich mediku alemaniarrak, 25.000 pazienteri besapeko tenperatura hartu ondoren.

Urte hasieran argitaratutako azterketa batek, ordea, erakutsi du AEBetan gizon osasuntsuen batez besteko tenperatura 0,6 º C jaitsi dela azken 160 urteetan; emakumezkoetan, berriz, jaitsiera pixka bat txikiagoa izan da. Ondorio horretara iristeko, 1860-1940ko 23.000 pazienteren, 1970eko hamarkadako 15.000 pertsonaren eta azken hamarkada honetako beste 150.000 pertsonaren datuak alderatu dituzte, sexua, adina, pisua, garaiera eta jatorri genetikoa aintzat hartuta. Jaitsiera pixkanakakoa izan dela ikusi dute, eta azalpena ere eman dute: XIX. mendean eta XX.aren zati handi batean, ez zegoen antibiotikorik, eta jende askok infekzioak zituen, osasuntsu zeudela uste izan arren.

Horrenbestez, gaur egun gorputzaren tenperatura normala 36.5 ºC-tik gertuago dago, 37 ºC-tik baino. Gainera, faktore ugarik eragiten dute berezko tenperaturan: adina (zahartzean igo egiten da), sexua eta obulazio-zikloa (obulatzean altuago), eguneko ordua (gauez altuago)...

Baina norberaren tenperatura basala ondo ezagututa ere, sukarrik ez izateak ez du esan nahi, ezinbestean, bat ez dagoela kutsatuta. Horregatik eskatu digute denoi etxean geratzeko, baita inolako sintomarik ez badugu ere, ezta dezima bat ere. Argitaratu berri da Lombardiako (Italia) lehen 5.830 pertsona positiboekin egindako ikerketa. Haren arabera, lehen positiboa otsailaren 20an baieztatu zen. 5.830 horien batez besteko adina 69 urtekoa zen. Haietatik % 47 ospitaleratu egin zituzten, %18 Zaintza Intentsiboko Unitateetan.

Ospitaleratu ez zituztenak ere aztertu zituzten. Eta berretsi dute sintomarik ez zutenen karga birala gaixoenen parekoa zela, eta birusa transmititzeko gako izan zirela. Ondorio berera iritsi dira beste leku batzuetan egindako ikerketetan. Halaber, Italiako ikerketa horretan oinarrituta, baieztatu dute birusa otsailaren 20a baino askoz lehenago iritsi zela Lombardiara. COVID-19ak hemen izan duen bilakaerari erreparatuta, pentsatzekoa da hemen ere antzekoa gertatu dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia