}

Siliziozko neurona

1992/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Injineru ingeles eta estatubatuarrek siliziozko lehen neurona sortu berri dute. Neurona hau txip-a besterik ez da eta garuneko zelulen iharduera emulatzen du. Milimetro karratu baten hamarrena da gutxi gorabehera tamainaz eta garuneko neurona bat baino milioi bat aldiz azkarragoa.

Aplikazioak ugari izan ditzake, hala nola garun-zatien bertsio elektronikoak egitea, bizimodu sinpleko robot adimendunak egitea, etab.

Siliziozko neurona hau garatu duenetako batek, Ingalaterrako "Medical Research Council"eko Rodney Douglas doktoreak, honakoa dio: "Neurona biologikoek inguruko garun-zeluletatik jasotzen dituzte seinaleak. Ondoren, hauek prozesatu, erabaki bat hartu eta agindua ematen dute. Prozesu osoa pultsu elektrikoen bidez burutzen da. Siliziozko neuronaren ezaugarri elektrikoak eta nerbio-zelulak dituenak berdinak dira".

Esne-katilua eskuz hartzea milioika neurona lanean aritzea da. Lehenbizi erretinak katiluaren kokaguneari buruzko informazioa jasotzen du. Gero, seinale hau nerbio optikoaren bidez garunera eramaten da, hemen prozesatu eta nerbio-sistema zentralaren bidez eskuetarantz bidaltzen da. Zientzilariek aipatu ekintzak era digitalean simulatu dituzte. Horretarako software-programa handi eta garestiak osatu behar izan dira.

Aplikaziorik garrantzitsuenak robotikaren alorrean burutuko dira. Siliziozko neurona txikia, azkarra, merkea eta energia gutxi kontsumitzen duena da. Teorian, mota honetako milioika neurona elkar daitezke garun artifizial batean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia