Saturnoren egunaren iraupena zehaztu dute

2015/03/26 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. NASA/JPL/Space Science Institute

10 ordu, 32 minutu eta 45 segundo. Horixe da Saturnoren egun batek irauten duena, metodo berri bat erabiliz Israelgo ikertzaile batzuek kalkulatu dutenez. Naturen argitaratu dute lana.

1980ko hamarkadan Voyager Saturnotik pasa zenean, planetak igorritako irrati-uhinen aldaketa periodikoetan oinarrituta, errotazio-periodoa 10 ordu eta 39 minutukoa zela kalkulatu zuten. Cassini 2004ean Saturnora iritsi zenean, berriz, antzeko teknika erabilita, 10 ordu eta 47 minutu izan zen emaitza. Eta geroztik egin diren hainbat neurketetan ere alde handia egon da. Hala, Saturnoren errotazio-periodoa 10 h 32 min eta 10 h 47 min artean zegoela zen orain arte zehaztu zitekeen guztia. 

Izan ere, ez da erraza Saturnoren errotazioa neurtzea. Gasezko erraldoi bat izanik, ez dauka gainazalean erreferentziazko punturik. Gauza bera gertatzen da Jupiterrekin, baina kasu horretan eremu magnetikoaren ardatza okertuta dago errotazio-ardatzarekiko, eta horri esker neurtu daiteke errotazio-periodoa (9h 55min). Saturnoren kasuan, ordea, metodo horrek ez du balio, eremu magnetikoaren ardatza eta errotazioarena lerrokatuta baitaude.

Grabitazio-eremua erabili dute oraingoan. Hain azkar biratzean, Saturnoren ekuatoreak kanporantz egiten du; horrek grabitazio-eremua distortsionatzen du, Cassinik neurtzeko moduan. Eta horrela kalkulatu ahal izan dute 10 h 32 min 45 s dela Saturnok bere buruari bira emateko behar duen denbora, 46 segundoko ziurgabetasunarekin.