Saturnoren beste 12 satelite aurkitu dira.

2001/07/12 Elhuyar Zientzia


Saturnoren inguruan biraka dabiltzan beste 12 satelite aurkitu direla argitaratu da gaur Nature aldizkarian. Sateliteak txikiak dira, 6-30 kilometro arteko diametrokoak eta orbita irregular eta oso inklinazio handikoak dituzte.

Aurkikuntza honekin satelite gehien dituen planetaren titulua ebatsi dio Saturnok Jupiterri. Azken bost urteetan behin baino gehiagotan gertatu dira halakoak, satelite berri asko aurkitu baitira denbora gutxian. Une hauetan, Saturnok 30 satelite ditu guk dakigula, Jupiterrek 28, Uranok 21 eta Neptunok 8.

Saturnoren satelite berriak Frantziako Côte d’Azur-eko behatokitik detektatu ditu Brett Gladman astronomoaren taldeak. Horretarako, punta-puntako detektagailu elektronikoz hornitutako tamaina ertaineko lurreko teleskopioa erabili dute. Lurreko teleskopio horiek espaziotik egindako neurketak osatzen dituzte, planetetatik urrun orbitatzen duten satelite txikiak antzemateko oso aproposak baitira. Espaziotik, aldiz, satelite horiek nekez detekta daitezke.

Eguzki-sistemako sateliteek planeten historiaren aztarnak ematen dituzte. Adibidez, Gladman-en taldeak Saturnoren sateliteak familiatan banatuta daudela ikusi du, asteroideak eta Jupiterren urruneko sateliteak bezalaxe. Satelite-familiak jatorrizko satelite batetik talken eraginez erauzita sortu zirela uste da, edo jatorrizko satelitearen suntsiketaren aztarnak izan daitezkeela. Haiek ikertuta, eguzki-sistemako planetek sateliteak noiz eta nola bereganatu zituzten argitzeko aztarnak eskura daitezke eta gure planetaren iragana pixaka bat gehiago ezagutu.

Familia ugaria

Oraindik antzeman ez badituzte ere, eguzki-sistemako planeta erraldoien inguruan satelite txikiagoz osatutako familia asko daudela uste du Gladman-en taldeak. Horregatik, Jupiter aldera zuzenduko dute orain teleskopioa.