Sarrioak, goimenditako akrobata bikainak
1989/01/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sarrioa ( Rupicapra rupicapra ), ugaztun artiodaktiloa dugu, bobidoen familiakoa, eta Euskal Herrian gutxi dagoen arren, Piriniotan hedatzen ari da azken urteotan. Kaprinoen tribuan sailkatutako herbiboro honek, 1,1-1,3 m-ko luzera du, eta gurutzerainoko altuera 70-80 cm-koa izaten da. Isatsa laburra izaten da oso, 4 cm inguruko luzera izaten duelarik. Sendotasunari begira, sarrioek jaioberritan 2 kg inguruko pisua izan ohi dute, eta heldutasunera iristean, arrak 40 kg pisatzen ditu gutxi gorabehera. Emea berriz lirainagoa da, eta normalean ez da 30 kg-tik gorakoa izaten. Hala ere, balio hauek aldakorrak dira urtean zehar, eta negu gogorrean elurrak elikagaiak eskuratzea galerazten duenean, animaliok erruz argaltzen dira, eta pisuaren herena ere erraz gal dezakete.
Pirinioetako sarrioa ( R. rupicapra pyrenaica ), Alpeetakoa baino subespezie txikiagoa eta kolorez argiagoa dugu. Bigarren berezitasun hau, nabarmenagoa gertatzen da uda aldean; sarrioak urtesasoi honetan ilaje labur, arre argi eta gorrixka ageri bait du. Neguan berriz, ilaje luze eta trinkoa garatzen du, kolorea ere (lepo alde eta saihetsetan batipat) nabarmenki iluntzen zaiolarik.
Sarriokumearen adarren garapena berehala hasten da; lehenik, geroxeago atzerantz okertuz adar-gakoak eratuko dituzten mutur bi agertzen zaizkio. Sarrioak bi urte betetzerako, gako bereizgarria eratuta egongo da, eta une horretatik aurrera, adar-ardatzak soilik luzatuko dira, horretarako urtero garapen-eraztun berriak gehituz. Adarren batezbesteko luzera 17-21 cm-koa izaten da.
Arren eta emeen arteko ezberdintasunak ez dira beste zenbait artiodaktilotan bezain begibistakoak, eta ondorioz, sexuak desberdintzea bereziki zaila gertatzen da mendian. Dimorfismo sexuala adarren forman antzeman daiteke: arraren adarrak zertxobait lodiagoak dira emeenak baino, eta gainera, adar-muturrek eraturiko gakoak hertsiagoak dira. Arraren kasuan gako-muturrak beherantz zuzenduta ageri zaizkigun artean, emearenak atzerantz (isats alderantz), zuzentzen dira. (Ikus 4. eta 5. irudiak).
Esan bezala, sarrioak, Piriniotako mendi garaietan bizi dira, eta bertan, goimenditako larretan nahiz harkaitzetan gora dabiltzala aurki daitezke. Egunez bizi diren animalia hauek, gizakiongandik ihes egiten ondo ikasia dute, eta lotarako ere babesleku garaiak aukeratzen dituzte. Dena dela, hotzak eta elurrak bultzatzen dituenean, behera jaisten dira, eta izeiditan, eta pagadien mugetan ere aurki daitezke orduan. Hala ere, eta hotz handiegia egiten ez badu, badira elurrari aurre eginez goimenditako larretan geratzen diren taldeak ere, eta bertan aztarka aritzen dira, elurrak estalitako landareak azaleratu eta jateko.
Beren liraintasun eta indarrak, goimenditako lurralde arriskutsu eta zailenetan trebezia harrigarriz moldatzeko ahalmena eskaintzen die. Horregatik tontor eta haitz-hormetan, eta amildegi edota menditako pasabiderik ezkutuenetan maiz entzun ohi da sarrioak ihesean askatzen dituen harriek ateratako zarata. Eta hau izaten da, gehientsuenetan, sarrioa dagoela adierazten digun zeinu bakarra.
Animalia iheskorra izanik (eta giza presioa handia deneko lekuetan are iheskorrago, noski), ikusi orduko tximistak bezalaxe alde egiten dute, amildegietan gora eta behera, akrobaziazko ikuskizun bikaina eskainiz. Beren jauziak, beldurgarriak eta zehaztasun handikoak dira. Airean sei bat metroko bidea eginez ere, 30 cm-ko diametroa duen azal batean gera daitezke.
Bizi direneko inguruarekiko egokitzapen gisara edo, sarrioen atzazaletan mota desberdinetako eraldaketak ikus daitezke. Animaliak zapaltzen dueneko atzazal-ertza adibidez, ondo garatuta ageri da, eta substantzia gomatsu batez eratuta dago. Gainera, apatxaren erdi biak elkarrekiko higikorrak dira, eta sarrioak badu hauek nahierara higitzeko ahalmenik.
Sarrioa lurralde harritsutan bizi denez, oin-aztarnarik ez da sarri ikusten, baldin eta neguan ez bada behintzat. Oin-aztarnek forma bereizgarria dute. Apatx bakoitzaren alde bien markak angelutsuak dira, eta bi erdien artean bitarte zabal nabaria ageri da beti. Oinez doanean, oin-aztarna laukizuzena izan ohi da, ia koadratua, baina animaliaren abiadura areagotzen den neurrian, eta atzazalen higidura dela eta, trapezio-itxura hartzen du. Atzazal sekundarioak, apatxaren atze aldean eta goian kokatuta daude, eta elur sakonetan, edo eta animaliak ihesari ekiten dionean baino ez dute arrastorik uzten.
Elur biguneko oin-aztarnetan ez bezala, animalia ihesi doanean atzazal sekundarioak oso atzean inprimatzen dira (Atzazal primarioak baino 10 bat cm atzerago). Honen arrazoia zera dugu: jauzi handi baten ostean, animalia lurreratzean, hankek amor ematen dute, hatzazal sekundarioek lurra jotzen dutelarik. Sarrio helduen oin-aztarnek, 6 cm-ko luzera eta 3,5 cm-ko zabalera izaten dute gutxi gorabehera. (Ikus 1., 2. eta 3. irudiak).
Ar nagusien kasuan izan ezik, sarrioak animalia taldekoi ditugu. Sarrio-talde hauek, araldian 100erainokoak ere izan daitezkeen arren, urtean zehar askoz ere txikiagoak izaten dira, eta sarriokume, eme, eta ar gaztez osatzen dira.
Araldia azaroan hasten da. Ordurarte bakarka bizi izandako ar nagusiak, eme-talde desberdinengana biltzen dira, talde bakoitzean ar bat buru bilakatu eta arreta handiz zaintzeaz arduratzen delarik. Beste ar bat sumatuz gero, behin-behineko buruzagia berehala atzetik jarraikitzen zaio. Ar arrotzak aurre egiten badio, borroka egingo dute biek. Bi arrak, lepo eta bizkar gaineko ilajea harro-harro dutela, aurrez aurre jarri eta elkarren kontrako talka bizian hasiko dira, burua makur, norgehiagoka. Eraso hauek askotan etsaiaren sabelera zuzendutakoak izaten dira, eta beraz, begibistakoa da adar gakodunak izatearen abantaila.
Izan ere bestela zauri larriak egiteko arriskua bait legoke. Talka eta kasketako hauek auzia argitzen ez badute, ar sutsuak adarretako gakoak trabatu eta, tira batera eta tira bestera, aurrekoa menderatzen saiatuko dira. Azkenean, noski, bietariko ahulenak etsi egin beharko du, ihesari ekinez.
Sarrioaren araldiaren ondoren negua dator, eta urtesasoi hau gogorra eta luzea da oso animalia hauek bizi direneko parajeetan. Ondorioz, urtesasoi honek hautespen zorrotza ezartzen du sarrio-populazioan, hotzaren eta elikagai-eskasiaren ondorioz animalia zahar eta ahulenak hilik geratuko direlarik.
Uda iristerako, emeak berriro ere taldetan bildu eta kume jostalariak inguruan jauzika daramatzatela, goimenditako larre eta harkaitzetan zehar abiatzen dira, neguak eta hotzak ostera handik uxatu artean.
Sarrioak, beraz, etsai natural gutxi du oso. Hartza —hain urria izateaz gainera— motelegia da honelako animalia arina harrapatzeko, azeria berriz ez da sarrioaren eraso gogorrari aurre egiteko gauza eta arrano beltzak sarriokumeren bat harrapa dezake agian, baina harraparitza honek ez du eragin nabarmenik sarrio-populazioen hazkuntzan. Gizakia da beraz, sarrio-populazioen hazkuntza eragiten duen harraparirik nagusiena. Izan ere, datu paleontologiko eta historikoek adierazten dutenez, sarrioak orain baino askoz ere ugariagoak izan bide ziren antzina.
Nafarroan, Belagua eta Larrako inguruetan, 30 bat ale bizi dira egun; baina antza denez, duela mende batzuk Orhi mendiaren magaletan zehar, Iratin, Abodin, eta Orreagan bertan ere ugari ziratekeen.
Ondorioz, sarrioak egun Piriniotako eskualderik garaienetan bizitzearen arrazoiak giza presioan bilatu beharko ditugu, eta beraz, bere habitat naturala menditarra izanik ere, jatorrizkoak baino eskualde garaiagotara uxatuak izan direla esan daiteke. Pirinio zentraleko parke eta erreserbetan sarrio-populazioen hazkuntz tasak aztertuz, populazio hauen errekuperazio-ahalmena handia dela ikus daiteke. Horregatik, Piriniotako Parke Nazional delakoan, 1968 eta 1970.aren bitartean izandako ugaltze-tasak, urteko %13-14 ingurukoak dira. Ez da harritzekoa beraz, Piriniotan nabari den sarrio-hedakuntza, eta honek baikor bihurtzen gaitu animalia honen etorkizunari begira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia