Thomas Quarry I aztarnategiko (Casablanca, Maroko) hominino batzuen fosilak aztertuta, ondorioztatu dute gizaki modernoaren oso gertuko leinu batekoak direla. Atapuercako Homo antecessor gizakiaren antzeko garaikoak badira ere (773.000 +/-4.000 urte), morfologikoki desberdinak dira. Horrenbestez, ikerketak zantzu garrantzitsuak ematen ditu sapiensen, neandertalen eta denisovarren historia ebolutiboa argitzeko.
Ikertzaile-talde zabal batek parte hartu du ikerketan ―tartean, EHUko Asier Gomez Olivencia aritu da―, eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Zehaztu dutenez, fosilak “Grotte à Hominidés” izeneko kobazulo batean aurkitu zituzten; besteak beste, bi baraila partzial, hortz ugari eta ornoak. Hain zuzen, orno zerbikal eta toraziko batzuen azterketaz arduratu da Gomez Olivencia, eta, aitortu duenez, pozik dago ikerketan parte hartu izanagatik, garrantzi handiko lana baita.
Garai berekoak, baina desberdinak
Datazioa oso zehatza izan da, sedimentuen bereizmen handiko erregistro magnetoestratigrafikoak erakusten baitu Lurraren eremu magnetikoan aldaketa nabarmen bat gertatu zen garaikoak direla (Brunhes/Matuyama muga). Aipatu bezala, garai hartakoak dira Atapuercan aurkitutako Homo antecessor-en fosilak; eta, garai batean, sapiensen gertukoen arbasotzat hartu baziren ere, gerora ikusi dute neandertalen leinura gerturatzen diren ezaugarriak dituztela. Beraz, oraindik ez dago garbi zein den eta non bizi den sapiensen, neandertalen eta denisovarren azken arbaso komuna.
«Horrek bermatzen du Homo sapiens eta neandertal leinuen arteko banaketa kronologia zahar batean gertatu zela»
Afrikan, garai hartako fosilen hutsunea zegoen; hortaz, oraingo aurkikuntza lagungarria da hutsunea osatzeko. Ikerketaren arabera, morfologikoki H. antecessor-en desberdinak dira, garai bertsukoak diren arren. “Horrek bermatzen du Homo sapiens eta neandertal leinuen arteko banaketa kronologia zahar batean gertatu zela: duela 800 mila urte baino lehenago; agian 1 edo 1,2 miloi urte”, azpimarratu du Gomez Olivenciak.
Marokoko fosilek antzinagoko Homo erectus-aren eta geroagoko sapiensen eta neandertalen ezaugarriak uztartzen dituzte. Horrenbestez, gizaki modernoaren leinuaren jatorritik gertu kokatzen dira. Azkenik, Gomez Olivenciak gogorarazi du giza eboluzioa ez dela lineala, baizik eta "sastraka-itxurakoa”; eta oraingo egoera, non giza espezie bakarra dagoen, salbuespena dela: “orain arteko historia ebolutiboan, beti egon da ezaugarri bereizgarriak dituen giza leinu bat baino gehiago bizitzen, aldi berean”.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia







