}

Sajarof hil da

1990/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Irakurle askorentzat Andrei Dimitriebitx Sajarof pertsonaia ezaguna izango da Sobiet Batasunean egin duen lan politikoagatik. Sajarof fisikaria ordea, ezezagunagoa izango zaie nahiz eta Sajarof pisu handiko fisikaria izan.

Andrei Sajarof 1921.eko maiatzaren 21ean jaio zen Moskun. Bere aita fisika-irakasle izan zen eskoletan eta unibertsitatean eta zenbait liburu argitaratu zuen. Bere familia Errusiako inteligentsiakoa zen eta eragin handia izan zuen Andreirengan. 12 urte bete arte Sajarofek etxean ikasi zuen eta eskolara azterketa egitera bakarrik joaten zen. 1938.ean Moskuko Fisika-Fakultatean hasi zen ikasten, ikasketak 1942.ean bukatu zituelarik.

1942-44 urteetan Volga ibaiaren ertzean zegoen laborategi militar batean egin zuen lan. Garai hartan Klafdija Alexeefna Bijereba kimikariarekin ezkondu zen. Bi alaba eta seme bat izan zituzten.

1945.eko urtarrilean Moskuko P.N. Lebedef Fisika-Institutuan hasi zen lanean, doktoregoa burutzen zuen bitartean. Tesia 1947.eko azaroan irakurri zuen eta Institutuko partaide iraunkor bilakatu zen.

Garai hartan I.E. Tamm-ek, departamentuko zuzendariak, fusio nuklearrezko arma nuklear baten eskuragarritasuna aztertzeko lantalde bat antolatu zuen eta Sajarof partaide izan zen. Hurrengo urtean, 1949.ean, Tamm eta bera bonba termonuklearra ikertzeko Institutu berezi batera joan ziren. Sajarof bertan aritu zen lanean 1968.a arte.

1969.ean Lebedef Institutura itzuli zen eta bere emaztea minbiziak jota hil egin zen 49 urte zituelarik. Kolpe handia izan zen hura Sajarofentzat.

Ordurako Sajarof arazo politikoetan sartuta zegoen eta agintari sobietarrak aurrez aurre zituen.

1972.ean berriro ezkondu zen Elena Georgiefna Bonner fisikariarekin hain zuzen.

1975.ean Pakearen Nobel Saria eskuratu zuen.

Sajarofek zientziari egin dizkion ekarpenik handienak fusio nuklearraren ingurukoak izan dira. Alde batetik, sobietarren fusio-bonbaren aitatzat jotzen da, bere ideiek eta berrikuntzek bonba egiteko bidea erraztu zutelako. Dena den, fusio nuklearrari buruzko bere lanak ez ziren armen teknologiara mugatu. Fusioaren erabilpen baketsuaz ere lan handiak egin zituen. Landu zituen kontzeptu berrien artean erreaktore termonuklear magnetikoa zegoen.

Fusioa lortzeko behar den atomo arinezko (deuterio eta tritiozko) gas ionizatua, eremu magnetikoen bidez gordetzea proposatu zuen. Hau da egungo tokamaketan erabiltzen den teknika. Fusioa lortzeko muoi-katalisia erabil-tzea ere proposatu zuen. Gainera gaur garatzen ari den laserrak eragindako fusioa Sajarofek proposatu zuen lehen aldiz.

Kosmologiaz ere egin zuen lan; 1960.eko hamarkadaren bukaeratik aurrera batez ere.