Sagarraren gorria

Sagarraren kolorea kontrolatzen duen genea aurkitu dute Australiako ikertzaile batzuek. Hain zuzen ere, sagarrari kolore gorria ematen dioten antozianina izeneko konposatuak kontrolatzen ditu gene horrek.

Genea aurkitzeko, kontuan izan dute argiarekin aktibatzen dela; izan ere, sagarrak eguzki-argiaren eraginez gorritzen dira (ilunpean edo itzal itxian hazten diren sagarrak ez dira gorritzen). Bestalde, sagar-barietate bat baino gehiago aztertu zituzten: sagar-barietate berdeen eta gorrien antozianina-produkzioari erreparatu zioten genea aurkitzeko.

Genearen aurkitzaileen esanean, aurrerantzean sagarraren kolorea kontrolpean izangodute, eta ‘itxura oneko’ sagarrak ekoitziko dituzte. Kontsumitzaileak begiz aukeratzen du sagarra eta itxura erakargarria izatea komeni zaie sagarren ekoizle eta saltzaileei. Dena dela, sagarrari gorria ematen dioten antozianinak antioxidatzaileak dira, eta, beraz, osasungarriak.

Nagore Rementeria Argote

Elhuyar Zientzia Kimikan lizentziatua eta Elhuyar Zientzia unitateko arlo-arduraduna

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia