}

Rutherford, Ernest

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1871-1937)

Fisikari britainiarra Zeelanda Berriko Nelson herrian sortu zen 1871 n. Bere familian ez zegoen diru askorik eta gurasoak bezalaxe, Ernestek baratzean egiten zuen lana diru apur bat ateratzeko. Alabaina, berehala nabarmendu zen eskolan eta Zeelanda Berriko Unibertsitatean ikasteko beka bat eman zioten. Fisikan murgildu zen buru-belarri eta ikasle zen artean irrati-uhinak atzematen zituen detektagailu magnetikoa asmatu zuenean.

1895ean Cambridge-ko Unibertsitatean ikasteko beka eman zioten. J. J. Thompson-ekin ikasi zuen eta Montreal-go McGill Unibertsitatean denboraldi bat igaro ostean, Ingalaterrara itzuli eta bertan finkatu zen.

Garai horretan erradioaktibitateaz erabat arduraturik zebilen, Becquerel-en eta Curie senar-emazteen esperimentuek liluraturik. Rutherford izan zen alfa eta beta izpiak bereizi zituen lehena. 1900. urtean gamma izpien definizioa eman zuen, karga elektrikorik gabeko eta maiztasun handiko erradiazio elektromagnetikoak direla esanez. Erradiazioaren eraginpean uranioa elementu desberdinetan desintegra zitekeela uste zuen eta ideia horretan oinarrituz, Soddy isotopoaren hipotesira iritsi zen urte batzuk geroago. Atomo baten desintegrazioa zeren arabera gertatzen den aztertu zuenean, substantzia baten atomo-kopurua erdira jaisteko iragaten den denbora kalkulatu zuen, elementu erradioaktiboen erdi-bizitza kontzeptua ezarriz. 1906 eta 1909 bitartean alfa partikula aztertu zuen eta helioaren nukleoa zela ondorioztatu zuen.

1906an Rutherforden esperimentua izenaz ezagutzen dena burutu zuen McGill Unibertsitatean. Alfa partikulak urrezko xafla mehe batera jaurti zituen. Partikula gehienek desbideratu gabe urrea zeharkatu zuten; gutxi batzuek beren bidea angelu aldakor batez aldatu zuten eta azkenik, partikula batzuek zetozen bidetik atzera egiten zutela ikusi zuen. Manchesterreko Unibertsitatean osatu zuen bere esperimentu hura eta atomoaren egiturari buruzko teoria proposatu zuen. Horren arabera, atomoa eguzki-sistema bezalakoa da, hau da, erdian nukleoa eta haren inguruan biraka elektroiak. 1908an Kimikako Nobel Saria eman zioten fisika eta kimika nuklearra abiarazteko egindako saioengatik. Geroztik rutherford izenaz izendatzen da erradiazio-intentsitatearen unitatea.

1919an lehen transmutazio artifiziala egin zuen, alfa izpiez bonbardatuz, nitrogenoa oxigeno bilakatzea lortu zuelarik. Urte berean Cambridgeko Unibertsitatean fisikako irakasle izendatu zuten. 1925-1930 bitartean "Royal Society" elkarteko lehendakaria izan zen eta 1931 n Ingalaterrako gobernuak Lord eta Nelson-go baroi tituluez saritu zuen Rutherford.

Bere bizialdiaren azken urteak Alemaniatik ihes egindako zientzilari juduen laguntza-batzordeak antolatzen eman zituen. Gizakia energia atomikoa erabat menperatzera helduko zenik ez zuen uste, Hahn-ek uranioaren fusioa Rutherford hil eta bi urte geroago lortu bazuen ere.

1937an zendu zen Ernest Rutherford of Nelson fisikari eta kimikari ospetsua eta Westminsterreko abategian hobiratu zuten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia