RUF: etorkizuneko ibilgailua ala ameskeria?
2001/03/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Palle Jensen-ek, Danimarkako asmatzaile kementsuak, dozena bat urteko lanaren ondoren, etorkizuneko ibilgailu garbia, merkea eta azkarra aurkeztu du. Ibilgailuaren izena RUF (Rapid, Urban, Flexible) da, hau da, azkarra, hirikoa eta malgua, horiek omen direlako, hain zuzen, bere ezaugarri nagusiak.
Jensenek dioenez, RUFak trenaren eta autoaren onurak biltzen ditu, trenaren eraginkortasunari autoaren malgutasuna gehitzen diolako. Garraiobide bikoitza da: auto elektriko arruntak bezala ibil daiteke, baina bere bide nagusia errailen gainean egingo luke.
Horrela, jendeak, gauean zehar bateriak kargatu dituen autoan sartu eta errail-geltoki hurbilenera gidatuko luke. Han, konputagailuari helmuga adierazi eta errailen gidari informatikoak hartuko luke autoaren kontrola. Errail-bideak oraingo errepideen gainetik joango lirateke eta hara konektatutako autoak orduko ehun kilometroko abiaduran eramango luke autoa aurrez programatutako helmugaraino. Iristerakoan, abiadura mantsotu eta gidariak berriro autoaren kontrola hartuko luke beren lantokira edo nahi duen tokira iristeko.
Onurak ugariak izango lirateke, adibidez, hirietako kutsadura asko gutxituko litzateke eta, autoa errailetan doanean bidaia guztiz automatizatua dagoenez, jendeak beste gauza asko egin ahal izango luke denbora horretan, hala nola, egunkaria irakurri, Interneten ibili, etab.
RUF ibilgailuaren prototipoa etengabe ari dira lantzen Kopenhageko Ingeniaritza Fakultatean. Politikariak eta hirietako garraio-arduradunak RUFek ekarriko lituzkeen onuretaz jabetzea nahiko luke bere asmatzaileak, guztien mesederako izango litzatekeelakoan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia