}

Rosseta, Europatik kometa bila

1999/07/18 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Europako Espazio Agentziak ofizialki aurkeztu du Rosetta programa, izen bereko zunda Wirtanen kometaren gainazalera eramatea helburu duen programa hain zuzen ere. Adituen arabera, kometak Eguzki-sistemako objekturik zaharrenetarikoak dira, eta horiek ikertzeak Eguzki-sistema bera hastapenetan nolakoa zen jakitea ekar dezake, duela 4.600 milioi urte.

1986. urtean Giotto zunda arrakastaz bidali zuten Halle kometa bisitatzera, eta orain Rosetta zundarekin eta Witarnen kometarekin beste horrenbeste egin nahi da. Aipatu kometaren gainazala eta ezaugarri fisikoak ikertuko dituen Rosettak 32 metroko zabalera du, % 90 eguzki-panelek betetzen badute ere.

Guztia programatuta dagoen bezala joango balitz, Rosetta zunda 2003. urteko urtarrilaren 5ean bidaliko lukete espaziora, Ariane-5 koheteak lagunduta. Wirtanen kometara iritsi baino lehen, bi asteroide bisitatuko ditu -4979 Otawa eta 140 Siwa-. Rosetta 2011. urtean hasiko da Wirtanen kometara hurbiltzen, eta zientzialarien ustez 2012.eko maiatzaren 28an orbitan sartuko da; hilabete geroago, 100 kiloko ibilgailua kometaren gainazalera jaisten ahaleginduko da. Ordurako Rosettak 5.300 milioi kilometro izango ditu eginda. Kometaren gainean hainbat esperimentu egin eta gero, abentura amaitu egingo da, 2013. urteko uztailean.