Lucy espaziontziak 12 urte daramatza gure galaxiako Asteroide-gerriko nagusian, asteroideei argazkiak egiten eta haien ezaugarriak aztertzen. Oraingo honetan, Donald Johanson antropologoaren izena duen asteroidea ikertu du, hain zuzen espaziontziari izena eman zion Etiopiako fosil ezaguna aurkitu zuenarena.
Lucyk dagoeneko argitu ditu asteroidearen jatorriari buruzko hainbat datu: gorputzaren orbitak agerian jarri du Erigone asteroide-familiako kidea dela Donaldjohanson, talka erraldoi baten ondorioz askatutakoa. Eta azalean dituen kraterren dentsitateak ere bat egiten du datuarekin, 155 milioi urte ingurukoak direla ikusi baitute. Krater txikiak faltan somatu dituzte, ordea, eta inpaktu berriago batek eragindako mugimendu sismikoek ezabatuko zituztela iradoki dute.
Burdinezko filosilikatuak topatu ditute azalean, eta ur likidoak eraldatuak direla uste dute. Alabaina, ur-eskasiak edo bero-eskasiak uneren batean geldiarazitako prozesua dela dirudi, mineralak partzialki eraldatu direla ikusi baitute.
Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.



