}

Prioiak nerbio osasuntsuak osatzeko ezinbestekoak direla frogatu dute

2010/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Prioiak nerbio osasuntsuak osatzeko ezinbestekoak direla frogatu dute
2010/03/01 | Elhuyar
Ezkerrean, sagu osasuntsu baten nerbio-sistema periferikoko nerbioak ikusten dira; eskuinean, PrP proteinarik gabeko sagu batenak (ez dute mielinarik). Arg.: Aguzzi, et. al. Nature Neuroscience.

Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, prioi osasuntsuek (PrP proteinek) funtzio onuragarriak dituzte nerbio-sisteman; are gehiago, beharrezkoak dira nerbioak estaltzen edo biltzen dituen mielina sortzeko.

Behi eroen krisia gertatu zenean, ikertzaileek deskubritu zuten egitura galdua zuten prioi desitxuratuek sortzen zutela gaitz hura, bai eta Creutzfeldt-Jakob gaixotasuna ere (pertsonek duten pareko gaitza). Prioiak gaixotasunekin lotu zituzten, beraz.

Alabaina, zientzialariek susmatzen zuten PrP proteinak funtzioren bat izan dezakeela. Duela lau urte, Adriano Aguzzi Zuricheko Unibertsitateko neuropatologoak ikertzaile japoniar batzuek 1999an argitaratutako lan batean jarri zuen arreta; lan hartan jakinarazten zutenez, PrP proteina falta zuten saguek kalteak zituzten nerbio periferikoetan.

Aguzzi eta bere taldeak bide horretan ikertzen jarraitu dute, eta frogatu dute PrP proteina beharrezkoa dela saguetan, nerbio-sistema periferikoko neuronak mielinaz ondo bil daitezen. Prp proteinarik gabe, berriz, mielina ez da osatzen, eta, horren ondorioz, nerbio-sistemako gaixotasunak garatzen dituzte saguek.

Ikertzaileek uste dute PrP proteina garrantzitsua dela mielinaren galerarekin lotutako hainbat giza gaixotasunetan, hala nola esklerosi anizkoitzean. Horrenbestez, "ikertzen jarraitzeko asmoa" dutela adierazi dute.

1
262
2010
3
013
Anatomia/Fisiologia; Medikuntza
Albisteak
15

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia