}

Prestige ontziaren fuel-olioa arnasteak kalteak eragiten ditu genoman

2012/10/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Fuel-olioak airera isuritako konposatuek arratoien genoman kalteak eragiten dituztela frogatu dute A Coruñako Unibertsitatearen Toxikologia Sailean. Ikertzaileek adierazi dutenez, hondamendiaren arrastoak garbitzen aritu ziren boluntarioek izan zituzten osasun-arazoen eta fuel-olioa arnastearen artean erlazio zuzena dagoela berretsi du ikerketak.
prestige-ontziaren-fuel-olioa-arnasteak-kalteak-er
Prestige-ren hondamendiaren arrastoak garbitzen. Arg. Stephane M. Grueso

Hain zuzen, erlazio hori ba ote zegoen ikusteko asmoz egin dute esperimentua. Izan ere, boluntarioetako askok osasun-arazoak izan zituztela adierazi zuten gerora, bereziki,  arnas-aparatuan, eta genoman kalteak zituztela ere frogatu zuten kasu batzuetan. Baina zaila zen kalte horien jatorria fuel-olioa zela frogatzea, ez baitzuten esposizioari buruzko datu zehatzik.

Hutsune hori gainditzeko asmoz, Prestige-k zeraman fuel-oilaren antzeko nahasketa bat arnasarazi diete bi arratoi-motari, inhalazio-ganbera batean. Emaitzak garbiak izan dira: fuel-olioak isuritako konposatuek kalteak eragiten ditu DNAn eta DNA konpontzeko mekanismoan, batez ere hamabosgarren egunetik aurrera. Hala ere, arratoi-motatako batek besteak baino kalte nabarmenagoak jasan ditu.

Journal of Toxicology and Environmental Health aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, ikertzaileen ustez, ondorioak baliagarriak dira fuel-olioaren eraginpean dauden pertsonentzat, ez bakarrik isuriak garbitzen aritzen direnentzat, baita petrolio-hobietan, birfindegietan, gasolindegietan eta halakoetan lan egiten dutenentzat ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia