}

Poloak dantzan

2002/04/12 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Hori bai ezinegona. Ipar Polo magnetikoa Kanadatik Siberiara doala jakin genuen orain aste batzuk, eta atzo, berriz, Antartikarako bidean izan daitekeela iragarri zen Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean.

Gaur egun, Ipar Polo magnetikoa Kanada mendebaldeko muturrean dago eta poliki-poliki Ozeano Artikorantz higitzen ari da. Dirudienez, azken urteetan abiadura handiagoz mugitu da eta 50 urte barru Siberian egon liteke. Baina polo magnetikoekin deus ziurrik ez denez, ikusi arte itxaron beharko da.

Polo magnetikoak ez dira polo geografikoak. Lehenak higitu egiten dira eta bigarrenak ez. Lehenak Lurraren eremu magnetikoaren baitan definitzen dira eta bigarrenak Lurraren ardatza eta lurrazalaren arteko ebakidura puntuak baino ez dira. Ipar Polo geografikoa Artikoan dago beti eta Hego Polo geografikoa Antartikan. Ipar eta hego polo magnetikoak, berriz, Lurraren historian zehar askotan alderantzikatu dira. Hori noiz, nola eta zergatik gertatzen den ez dago batere argi, baina dirudienez erabat zorizkoa da. Ez da aldizka gertatzen, eta ez du denbora jakin bat irauten. Alderanzketa batzuek 10.000 urte iraun dute eta beste batzuek, berriz, 25 milioi urte. Azkena duela 780 bat mila urte gertatu zen, eta hurrena baliteke milaka urte gutxi batzuetan gertatzea.

Lurrak burdina eta nikelezko nukleo likidoari zor dio bere magnetismoa. Nukleoaren osagaiak etengabe higitzen dira eta, higidurarekin batera, izugarrizko eremu magnetikoa sortzen dute Lurraren inguruan. Hitz bitan, Lurra dinamo erraldoi baten gisa portatzen da. Eremu magnetikoa irudizko lerro batzuen arabera banatzen da Lurraren inguruan, eta poloetako puntu jakin batean lurrazalarekiko perpendikular dago. Hain juxtu, puntu horiek dira polo magnetikoak. Baina puntu horiek ez da finkoak, nukleoko osagaiak higitu ahala tokiz aldatu egiten baitira. Nukleoan gertatzen den edozein asaldurak polo magnetikoak tokiz aldatzen ditu eta egun batean 80 kilometroko gorabeherak egon daitezke haien posizioetan. Horregatik, batez besteko kokapenak kalkulatzen dira.

Polo magnetikoen alderanzketa gertatzen dela XIX. mendearen erdialdean aurkitu zuen Macedonio Melloni fisikari italiarrak. Arroka bolkanikoek magnetismoa zutela ohartu zen eta Lurraren eremu magnetikoaren arabera orientatuta zeudela proposatu zuen. Hoztutakoan arroka bolkanikoek orientazioa betiko gordetzen dutenez, Mellonik ikusi ahal izan zuen orientazio hori ez zela beti bera izan.

Ikertzaileek ez dakite polo magnetikoak zergatik alderantzikatzen diren, baina ordenagailuekin egindako simulazioen arabera, badirudi Lurraren eremu magnetikoa ahultzen duten zurrunbiloak sortzen direnean hasten dela dena. Hipotesiak dio nukleoaren kanpoaldean burdina zurrunbilotan higitzen hasten dela, eremu magnetikoa ahuldu egiten dela eta azkenean alderanzketa gertatzen dela. Eta ikertzaile frantses eta danimarkarrek adierazi dutenez, Afrikaren hegoaldeko muturrean eta poloen inguruan prozesua dagoeneko hasi dela dirudi; satelite bidez jasotako datuek espiral handiak erakutsi dituzte, behintzat.

Azken 150 urteetan eremu magnetikoa nabarmen ahuldu da, eta baliteke alderanzketa-fase baten hastapenetan egotea, baina Lurraren eremu magnetikoa apetatsua da eta edozein unetan prozesuak atzera egin dezake.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia