}

Polioaren aurkako txertoak errugabeak dira hiesaren kasuan

2001/04/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hiesaren jatorriari buruz teoria ugari dago. Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) txinpantzetik gizakira polioaren aurkako kutsatutako txertoen bidez transmititu zela dio horietako batek. Orain, Nature aldizkarian argitaratu denez, lau ikerketa berrik teoria hori ezeztatzen dute.

Teoria hori 1987an azaldu zen lehenengo aldiz. Tom Curtisek 1992an argitaratu zuen artikuluaren arabera, Afrikako tximino berdeen immunoeskasia eragiten duen birus batetik (SIV AGM ) pasatu zen gizakietara GIBa. 1963tik aurrera, polioaren aurkako txertoa Asiako makakoaren zelulekin egin ordez Afrikako tximino berdeenekin egiten hasi ziren. 25 urte igaro ondoren, Afrikako tximino berde askok SIVAGM birusa zuten; ondorioz, txertoak aztertu zituzten birus horren bila eta batzuek, txertoen prestaketan, giza zelulak erabiltzea eskatu zuten.

Teoria horrek indar gehiago hartu zuen gizartean 1999an, Edward Hooper kazetariak argitaratutako liburuan ematen zituen azalpenak izan zuten oihartzunagatik. Bere esanean, Filadelfiako Wistar Institutuko ikertzaileek, oharkabean, polioaren aurkako txertoa prestatzean, txinpantzeetan immunoeskasia sortzen duen birusarekin kutsatu zuten. Ziotenenez, txerto hori Kongon probatu zuten eta milioi bat pertsonak baino gehiagok jaso zuten 1957-59 urteen artean. Horrela, gizakien artean zabaldu zen GIB-1, hies-kasu gehien sortzen dituen birus-mota.

Elkarren artean erlaziorik ez duten lau ikertzaile-taldek Kongon probatutako txertoa aztertu dute eta ez dute txinpantze-ehunen arrastorik aurkitu, ezta GIB edo primateei eragiten dien birusaren aldaera ere, ezta horren arbasoa zatekeen tximino berdeen SIV AGM . Are gehiago, gizakiei eragiten dien forma (GIB) Kongon txertoa probatu aurretik azaldu zela probatu dute.

Esate baterako, ikertzaile-talde horietako batek makako-ehunen arrastoak aurkitu dituzte garai hartako txertoaren laginetan. Izan ere, Wistar Institutuak txinpantzeak erabili izana ukatzen zuen, makakoen zelulekin egin zituela esanez. Orain hori frogatuta gelditu da. Gainera, lagin horiek izozkailuan zituzten eta Hooperrek ez zituen eskura izan bere teoria azaldu zuenean, ezeztatzeko azterketak egin arte arte ez zituztelako atera.

Azkenik, 1997an Kongon bildutako GIB laginen azterketetatik, GIBaren azpimota anitz ezin zirela txinpantzearen ehunetik 50eko hamarkadan izandako kutsaduragatik eratorri ondorioztatu zuten Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek. Talde horren arabera, Kongon ezagutzen diren aldaeren arbaso komuna giza ostalari batean zegoen eta ez, Hooperrek aldarrikatzen zuen legez, primate batean.

GIB-1 moten historia genetikoak hedapen epidemiologiko esponentzial klasikoari jarraitzen dio eta ez du polioaren aurkako txertoaren kutsaduraren arrastorik azaltzen. Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek diotenez, birusa gizakietara moldatzea prozesu ekologiko baten ondorioa izan da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia