Polinizatzaileek bereizten dituzte, kolorean dago gakoa
2003/11/18 Elhuyar Zientzia
Irudiko lore gorria Mimulus cardinalis da, eta azpikoa, arrosa-kolorekoa, Mimulus lewisii. Biak ingurune geografiko berean bizi dira: Kaliforniako Sierra Nevada mendietan. Bi landareek oso antzeko loreak dituzte, baina, hala ere, animalia polinizatzaile desberdinak dituzte: M. cardinalis kolibriak polinizatzen du eta M. Lewisii erleak.
Itxuraz, kolorea denez bi landare-espezie horien loreen artean dagoen alderik nabarmenena, polinizatzaileak lorea kolorearen arabera aukeratzen duela pentsatu zuten Michigan estatu-unibertsitateko ikertzaileek. Eta, uste hori frogatu nahian, lorearen kolorea kodetzen duen YUP genea trukatu zuten bi landareen artean: M. cardinalisi M. Lewisiiren genea jarri zioten, eta, alderantziz. Ondorioz, M. cardinalisek lore arrosa ilunak izatea lortu zuten eta M. Lewisiik lore laranjak izatea.
Landare hibridoak jatorrizko bizilekuan jarri zituzten eta, hara non, kolibriak M. lewisiira gerturatu ziren eta erleak M. cardinalisera. Ezohikoa dirudien jokaera horrek frogatzen du lorearen koloreak erakartzen duela polinizatzailea.
Kolore desberdinetako loreak dituzten landareak animalia desberdinek polinizatzeak ondorio interesgarriak ditu; izan ere, horrela, landare horien arteko ugalketa eragotzi da, eta, horri esker, bi landare-espezieak fisikoki geroz eta gehiago bereizten joan dira.
Argazkia: Nature
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia