}

Poincaré, Henri

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1854-1912)

Henri Poincaré Frantziako Nancy hirian munduratu zen 1854an. Askoren iritziz, matematikaren osoko azalpena ematen ausartu den azken matematikaria litzateke, zaila baita Poincarék ukitu ez zuen arlorik aurkitzea.

Gaztetan ez zen ezertan nabarmendu. Ikusmen- eta psikomotrizitate-arazoak izan zituen eta askok atzeratutzat jo zuen. Oroimen bikainekoa zen ordea eta horri esker ikasketak egin ahal izan zituen. Parisko Eskola Politeknikoan osatu zuen oinarrizko hezkuntza eta 1879an meatzetako injinerutzan doktoratu zen. Irakaskuntzan hasi zen berehala eta Caengo Unibertsitatean analisi matematikoa irakatsi zuen. Sorbonako Unibertsitatean igaro zituen urte oparoetan mekanika fisikoa, fisika matematikoa, probabilitate-kalkulua eta zeru-mekanikako katedren titularra izan zen. Hogeita hamahiru urte zituela, Zientzi Akademiako kide egin zuten eta bi urte geroago Frantziako Akademiako partaide izatera heldu zen.

Poincaréren helburua matematika zientziaren zerbitzuan jartzea izan zen. Betebehartzat hartu zuen eta bere bizialdian ikerketaren harra barrutik atera ezinean ibili zen.

Funtzio analitikoen sail berezia aurkitu zuen eta "fuchsiarrak" deitu zien, Funtzio eliptikoen analogoak dira, baina eragiketa gehiago integratzeko balio zutela uste zuen Poincarék. Horrez gain, lan asko egin zuen funtzio abeldarrei, integral abeldarrei eta integral bikoitzei buruz.

Ekuazio diferentzialei buruzko ikerketak egin zituen eta fisiko matematikoan eta zeru-mekanikan aplikatu zituen.

1911n Hipotesi kosmologikoei buruzko Irakaspenak liburuan ordurarte unibertsoaren jatorriari eta sorrerari buruz zeuden ezagupenak bildu zituen. Arestian esan bezala, arlo askotako arazoez arduratu zen: elastikotasuna, beroaren transmisioa, gasen teoria zinetikoa, elektrizitatea edota optikari buruzko idazlanak plazaratu zituen eta Einsteinek erlatibitate-teoria sortu berria zuelarik, horri buruzko ikerketak egiten hasi zen.

Lan eskerga egin zuen beraz eta hori zela media, sari asko jaso zituen Frantzian eta Frantziatik kanpo.

Henry Poincaré Parisen zendu zen 1912an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia