}

Pitzadurak eta gainerako akatsak

1994/06/01 Rodriguez Ibabe, Jose Maria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Askotan teknologi arloan izaten diren gertaerek garrantzi handia dute gure gizartean. Diseinu- ala erabilpen-akats baten ondorioz istripuren bat gertatzen baldin bada, komunikabideetan egiten diren baieztapenak askotan oso interesgarriak izaten dira. Zoritxarrez, behin baino gehiagotan baieztapen horiek ez dira kontzeptu teknikoetan oinarritzen; beste mota bateko interesetan eta ikuspuntuetan baizik. Idazlan honen bitartez komunikabideetan zabaltzen diren albisteen tratamendua azpimarratu nahi genuke.

Azken hilabeteetan izandako albisteetan Zoritako zentral nuklearrean aurkitutako pitzadurei buruzko datuak ezin ditugu ahaztu. Informazioa kaleratu ondoren, berehala hasi ziren erantzunak plazaratzen. Zentralarekin zerikusirik zeukaten agintari ekonomiko batzuentzat pitzadurek eta gainerako akatsek ez zuten zentralaren etorkizuna zalantzan jartzen. Era berean, zenbait giza talderentzat zentrala berriz martxan jartzea pentsaezinezkoa da. Bai kasu batean eta bai bestean, erantzunak analisi tekniko sakonak burutu baino lehen gauzatu ziren.

Geografikoki askoz hurbilagoa den beste istripu-mota bat ere gertatu zen. Andoain/Irurtzun autobidearen eraikuntzan istripu baten ondorioz langile bat hil zen. Hurrengo egunean albistea ematean zenbait egunkaritan “arrazoi” batzuk proposatzen ziren. Haietako batzuk nahikoa arinak izan ziren.

Istripuak eta akatsak teknologiaren garapenarekin batera doaz. Hala ere, teknologiaren aurrerapenak akatsen ikerketan eta ondorengo hobekuntzetan oinarri sendoa du. Prozesu hori martxan jartzeko, agintari teknikoen eta ekonomikoen borondateak eta ahalmenak horretarako egokituta egon behar dute. Era berean, bide horren oztopo handienak gizartearen eta komunikabideen presioei aurre egiteko bapatean emandako erantzunak direla kontsideratu behar da.

Zoritako zentralaren kasuan, nahitaez onartu behar da segurtasunaren ondorioz erabakiak zehatzak eta zorrotzak izan behar dutela eta galdera askorentzako erantzuna aurkitu behar dela. Hori ikerketa sakon baten bidez bakarrik lor daiteke, eta horretarako ondo prestatutako talde teknikoek ikerketan parte hartu beharko lukete.

Istripu ala matxura garrantzitsu baten ondorioz ikerketa bat martxan jartzen denean, mota desberdinetako arazoak azal daitezke. Sortutako talde teknikoa lana burutzeko gai dela zalantzan jarri gabe, talde horretako partaideek bi motako arazoei aurre egin beharko diete. Alde batetik, istripua ala matxura izan aurretik osagaiaren historia teknikoa ezagutzen saiatu beharko dute; hau da, errealitatean (eta ez diseinuaren arabera) osagaiaren lan-baldintzak (tentsio- eta deformazio-egoerak, tenperatura aldaketak, korrosioaren eragina, lanean izandako ohizkanpoko gertaerak eta abar) nolakoak ziren jakiten. Horretarako osagaiaren funtzionamenduan garrantzia eduki dezaketen aldagai guztiak neurtu behar dira. Hau dena, noski, oso kasu gutxitan betetzen da.

Bestalde, taldearen erabaki ala proposamen teknikoak erakunde ala pertsona desberdinen interesak kontutan hartu gabe egin beharko lirateke. Interes horiek nolakoak izan daitezkeen Zoritako kasuan oso garbi azaltzen dira.

Laburbilduz, teknologiaren inguruan izaten diren istripuak, akatsak eta matxurak ezin dira aztertu teknologia bera kontutan hartu gabe. Azterketa horiek egin ondoren, arduradunek erabakiak hartu beharko dituzte, ikuspuntu sozialak, ekonomikoak eta abar kontsideratuz, baina ez alderantziz. Zoritxarrez gure gizarte honetan azterketa teknikoak hasi baino lehen, “arrazoiak” kaleratzen dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia