Pirinioetako hartza, arnasa estututa
2013/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ekainean Cardós haranean (Katalunia) hil zen hartz-kumeak sei hilabete baino ez zituen; negu horretan bertan jaioa zen. Egun hartan, urez gainezka zetorren erreka bat gurutzatzea egokitu zitzaion, eta, antza, beste aldera igarotzeko lekurik onenaren bila ari zela, trokartean behera amildu zen.
"Ez zen ito", zehaztu du Jordi Ruiz Olmok, Generalitateko Biodibertsitaterako eta Animalien Babeserako Zerbitzuko buruak. "Harkaitzen aurka hartutako kolpeen ondorioz hil zen".
Nonbait, Caramellita emearen eta Pyros arraren alaba zen. Hain zuzen, aurreko udan, sexu-harremanak izaten grabatu zituzten Alt Pirineun jarritako kamera batzuek. Hala ere, ez zen Pyrosek izan zuen harreman bakarra, eta beste kume bat edo bi jaioko zirela espero du Ruizek: "hori izan baita azken urteetako joera".
Joera hori dela eta, inguru hartako hartz-populazioa hazten ari da, baina hazkundea oso apala da. Izan ere, populazioa, txikia izateaz gain, banatuta dago, hiru eremu nagusitan: bi ar daude mendebaldeko haranetan --Erronkari (Nafarroa); Aragoiko Ansó, Hecho, Fago eta Aragüés del Puerto (Aragoi), eta Aspe eta Ossau (Frantzia)--; hartz gehienak, 20tik gora, mendikatearen erdialdean biltzen dira --Katalunian, Val d'Aranen, Pallas Sobiràn, Pallars Jussàn, l'Alta Ribagorçan eta l'Alt Urgellen; eta Frantzian, Louronetik Couflens-Salaura--; eta ale bakar batzuk, ekialdean --Ariègen, Audén eta Kataluniako ekialdeko haranetan--. Hortaz, guztira 30 inguru daude mendikate osoan; gutxiegi, hartzak Pirinioetan iraungo duela bermatzeko.
Hala ere, duela urte batzuk egoera are larriagoa zen. Izan ere, espeziea 1979tik babestuta zegoen arren, haren aurkako presioa oso handia zen, eta 1996an 5-6 banako baino ez ziren geratzen.
Hartza ez galtzeko aukeretako bat kanpoko hartzak ekartzea zen, eta horixe egitea erabaki zuten. Populazio hurbilena Kantabriar Mendikatekoa bazen ere, han ere ez zeuden oso egoera onean, eta Balkanetatik ekartzea aukeratu zuten, Esloveniatik, zehazki. Hala, Europako Batasuneko Life proiektuen bidez, 1996-1997 artean bi eme eta ar bat ekarri zituzten handik; eta lau eme eta beste ar bat, 2006an. Pirinioen erdialdeko mendietan bizileku egokia topatu zuten, eta, geroztik, tantaka-tantaka, hartz-populazioa handitzen joan da.
Esloveniarrak piriniartuak
Espeziea berpizteko egitasmo horrek eman dituen emaitzak baloratzeko eskatuta, Ruizek bi alderdi bereizi ditu: "Ikuspegi ekologiko eta demografikotik, emaitzak onak izan direlakoan gaude. Pirinioetako inguru hauetan, hartz arreak kalitate handiko habitata duela uste dugu, eta, poliki bada ere, ugaltze-estrategia moteleko espeziea baita, populazioa handitzen doa, % 10-15 inguru urtean".
Ruizentzat, baina, alderdi sozio-ekonomikoa ere aintzat hartzekoa da. Alde horretatik, "oraindik horretan" dabiltzala aitortu du: "Ezin dugu esan mendian bizi den jendearen babes osoa izan dugunik, baina bai sektore jakin batzuena, hala nola politikariena eta hirugarren sektorearena, turismoa indartzeko aukera gisa hartzen baitute hartza. Hartzaren eragina besteek baino modu zuzenagoan jasotzen duten sektoreak falta zaizkigu, hau da, abeltzainak eta eztizaleak".
Beste leku batzuetan ez bezala, ez dute arazorik ehiztariekin, hartzak hartzen dituen inguruen ehiza-titulartasuna Generalitatearena baita. "Barruti pribatu batzuk ere badaude, baina haietan ere ez dago arazorik. Une hauetan ez dago gatazkarik hartzaren kontserbazioaren eta ehiztarien artean", baieztatu du Ruizek.
Hartzen erasoak
Beti ez da horrela izan; iraganean, orain baino gaiztotuagoa egon da giroa. Adibidez, eztabaida beroa piztu zen 2008ko urrian, ehiztari batek Hvala hartzarekin topo egin zuenean. Ehiztariak adierazi zuenez, Aran haranean lagunekin ehizan zebilela, hartza agertu zitzaion ustekabean. Orduan, piztia uxatzeko asmoz, garrasi egin zuen. Hartzak, baina, ihes egin aurretik, harramazka egin zion ezkerreko besoan eta hankan. Zauriak ixteko, hamabost puntu eman behar izan zizkioten ospitalean.
Gertakari horren ondoren, ehiztari eta abeltzain asko eta Arango agintari politiko nagusiak hartzaren aurka azaldu ziren. Baina geroztik ez da antzekorik gertatu, eta, orain, badirudi ehiztariak behintzat lasaitu direla. Izan ere, ez da batere ohikoa hartz batek pertsona bati eraso egitea.
Miel Mari Elosegi biologo eta basozainak, esaterako, ondo ezagutzen ditu espezie horren ohiturak -- Hartzak Pirinioetan XXI. mendean saiakeraren egilea da--, eta, haren esanean, animalia "izua" da hartza: "Hartzak berez lasaiak izateak ez du esan nahi arriskurik ez dutenik, batez ere zenbait egoera berezitan; adibidez, eme bat bere kumearekin badago eta hura babesteko beharra sentitzen badu", ohartarazi du Elosegik. Baina, normalean, gizakiarekin topo eginez gero, "ihes egiteko joera" duela berretsi du.
Abereen aurkako erasoak, ordea, ez dira hain bakanak; horregatik daude abeltzain asko hartzaren kontra. Baina jarrerak aldatzea posible dela erakutsi dute Katalunian. Ruizek egin duten lana azaldu du: "Gu hartzak hartzen dituen eremuetan aritzen gara lanean. Eremu horiek sailkatuta daude, ohiko bizileku dituzten eremuetatik hasi eta noizbehinka baino agertzen ez diren lekuetara. Bestalde, abeltzainak ditugu. Haiek, hartza desagertu zenetik, ardiak eta ahuntzak libre uztera ohituta zeuden, zaintzarik gabe. Eta hartza berriro agertu baino lehendik ere, bazituzten arazoak: lapurrak; basati bihurtutako zakurrak, eraso bakar batean 600 ardi akabatzera ere iritsi direnak, ardiak amildegitik behera bultzatuta..."
Neurriak, abeltzainekin batera
Hartza sartzeak lehengo arazoei beste bat gehitzea ekarri zuen. Lehen urteetan, hartz bakoitzeko, 10-30 ardi galtzen zituzten, eta ahuntzen bat edo beste. "Hasieran, gure lana kalteen ezaugarriak biltzea izan zen: zenbat abere galtzen ziren, non, noiz, eta nola. Gero, hori guztia ondo ezagututa, neurri-sorta bat diseinatu genuen", kontatu du Ruizek.
Diseinuan, Kataluniako ardi- eta ahuntz-azienden federazioarekin eta Parke Naturaleko abeltzainen elkartearekin batera aritu dira, "eskuz esku": "Gure egitekoa da artaldeak biltzea erraztea. Kasu batzuetan, artzainak geuk jartzen ditugu, eta, horrela, 1.000-5.000 buru biltzen ditugu. Izan ere, artalde handi batzuk ere badauden arren, gehienak txikiak dira, 30-60 burukoak, 100-200ekoak... Eta 3.400 metro karratutan daude sakabanatuta. Guk leku jakinetan biltzen ditugu, artzain baten zaintzapean, eta, ahal izanez gero, zakur zaindarien laguntza ere izaten dute".
Hain justu, zakurren lana goraipatu du Ruizek: "Iaz, hiru urteko hartz bat ardietara hurbildu zen, eta, berehala, zakurrak atera eta haren aurka borrokan hasi ziren. Azkenean, hartzari hozka egin zioten, eta uxatzea lortu zuten".
Horrenbestez, artaldeak biltzeko eta zaintzeko neurria oso emaitza onak ematen ari dela uste du: "Seigarren urtea dugu, eta, denbora-tarte honetan, buru bat bakarrik galdu dugu. Hau da, urtean hartz bakoitzeko 10-30 buru galtzetik, 0,2 galtzera igaro gara". Beste onura bat ere aipatu du: "Bide batez, abeltzainen bizimodua hobetu egin da, ez baitute egunero mendira igo beharrik, ardiak ondo ote dauden ikustera edo gatza eramatera, badutelako han pertsona bat ardiak zaintzen".
"Azken finean, hori da gakoa", ondorioztatu du Ruizek, "eragile guztiek parte hartzea eta haiek egitea eta lantzea proposamenak". Horrela lortu dute abeltzainek hartzarekin bizitzea onartzea. Eztizaleekin ere iritsi dira adostasunera: erlauntzak hesi elektrikoarekin inguratu dituzte, eta, horrekin, hartzek erlauntzak txikitzea eragotzi dute.
Bizikidetza ez da erraza
Katalunian hartutako bidea oraingoz emaitza onak ematen ari den arren, hartzaren eta Pirinioetako jendearen arteko bizikidetza ez da erraza. Iritzi hori dute, besteak beste, Miel Mari Elosegik eta José Antonio Gonzálezek, hartz arrearen babeserako lan-taldeko basozainak (Aragoiko Ingurumen sailaren menpekoa).
Gonzálezen ustez, une hauetan hartzaren etsai handienak abeltzainak dira. "Hartza babesteko edozein neurriren aurka daude; ez dute nahi, inolaz ere, hartzik egotea haien artaldeen inguruan".
Urteetan, hartzaren eremu berean artaldeak izateagatik, diru-laguntzak jaso dituzte artzain guztiek, nahiz eta eraso gehienak artzain bakar batek jasaten zituen "Galerarik ez izan arren, berdin kobratu dute, eta, bitartean, artaldeak libre izaten ohitu dira. Orain, ez dute arriskurik nahi, ezta ohiturak aldatu nahi ere", dio Gonzálezek. Garbi hitz egin du: "laguntzen politika ez da zuzena izan".
Gauzak horrela, hartza galtzen ari dela ohartarazi du: "Inguru hauetan, hiru ale bakarrik geratzen dira: Nere arra, Camillek hartzen zuen eremuan (Erronkari eta Aisa inguruan); Camelito, Bearnen eta Ossaun ibiltzen dena, hura ere arra; eta Sarousse. Azken hori emea da, baina ez dauka besteekin topo egiteko aukerarik, ekialdeko muturrean ibiltzen delako, Ribagorzan".
Irtenbide bila, askotan aipatu izan dute kanpoko hartzak sartzeko aukera, "baina horretarako ezinbestekoa da jendea alde egotea, eta hemen ez dugu halakorik", deitoratu du Gonzálezek.
Haren ustez, tamalgarria litzateke hartza galtzea. "Batetik, espezie ikurra da. Hemen betitik bizi izan dira elkarrekin artzainak eta hartzak. Nolabait, mendiak hartzarenak ere bazirela onartzen zen; Ansoren armarrian ere hartza agertzen da", dio Gonzálezek. "Eta, bestetik, naturaren ikuspegitik, hartzak aterki-lana ere egiten du; hau da, hura babesteko neurriek mesede egiten die beste espezie batzuei ere".
Horregatik guztiagatik, kudeaketan asmatzeko formula berriak bilatu behar direla iritzi dio: "Izan ere, lehen ardiak zaintzen zituzten, ezin zutelako buru bakar bat ere galdu. Orain, berriz, % 10 galtzen badute, onartu egiten dute, badute horretarako tartea. Baina ez dute tarte hori zaintzan inbertitzen. Kataluniako eredua baliagarria izan daiteke, baina hemen artzainak ez daude batuta, eta zaila da adostasuna lortzea".
Antzeko erretratua atera du Elosegik ere mendebaldeko haranetan: "Artzainak hartzik eta otsorik gabe bizitzera ohitu dira, eta orain oso gogorra egiten zaie ohiturak aldatzea. Horregatik, gehienek ez dute hartzari buruz ezer entzun ere egin nahi".
Habitat egokia
Ikuspuntu ekologikotik, berriz, Pirinioek hartza bizitzeko eta ugaltzeko habitat aproposak dituela frogatu da. Horren adierazle da hartz esloveniarrek egokitzeko eta ugaltzeko izan duten erraztasuna. Horrez gain, joan den urtean egindako ikerketa batean, kalkulatu zuten Pirinioek 110 hartz baino gehiagorentzako habitat nahikoa dutela ( Brown bear habitat suitability in the Pyrenees: transferability across sites and linking scales to make the most of scarce data ).
Ikerketan, Frantziako eta Espainiako ikerketa-zentro nagusiek parte hartu zuten (CNRS eta CSIC, hurrenez hurren), desagertzeko arriskuan dauden animalien ikerketan espezializatutako Norvegiako eta Hego Afrikako institutu batzuekin batera. Ikertzaileek ordenagailu bidezko eredu bat garatu zuten, Kantabriar Mendikatean izandako esperientzian eta Pirinioetako datuetan oinarrituta, hala nola, espezieak Pirinioetan izandako bilakaera, gaur egungo datu demografikoak, habitat-motak eta ezaugarri ekologikoak, eta baita pertsonen dentsitatea, jarduerak eta mugimendua ere.
Hori guztia aintzat hartuta, ondorioztatu zuten Pirinioek kalitate handiko habitatak eskaintzen dizkiela hartzei, eta, espeziearen iraupena bermatu nahi bada, ezinbestekoa dela habitat horiek babestea, eta pertsonek egin dezaketen erabilera arautzea (ehiza, baso-kudeaketa, aisialdiko erabilerak...).
Horrez gain, komenigarritzat jo zuten ale batzuk sartzea orain hartzen dituzten eremuen mugetan, aleen arteko topaketak bultzatzeko; batez ere, mendebaldeko arrek emeren bat aurkitzea errazteko. Azkenik, kudeatzaileei eta erabakiak hartzen dituztenei dei egiten diete, ugaltzeko aukera duen populazioa identifikatzeko, eta giza jarduerekin izan daitezkeen liskarrak aurreikusi eta haiek saihesteko neurriak hartzeko.
Ahaidetasun genetikoa
Hartzaren eta Pirinioetan bizi den jendearen arteko bizikidetza-arazoak alde batera utzita, hartzaren aldekoek badute beste kezka bat: ahaidetasun genetikoa. Izan ere, hartzen erdiak, gutxi gorabehera, Pyros arraren seme-alabak dira.
Pyros 1997an ekarri zuten Esloveniatik, bederatzi urte zituela. Orain 25 ditu, eta, izaera menderatzailea izaki, harenak dira geroztik jaio diren hartz gehienak. Hala ere, Ruizek aurreratu duenez, bideragarritasun-azterketa egiten ari dira frantziarrekin batera, eta datorren urtean izango dituzte emaitzak.
"Azterketaren emaitzak izan bitartean, a priori , bi gauza esan ditzakegu", adierazi du. "Lehenengoa da, ikuspuntu demografikotik, hartzak ez duela arazorik. Oraingoz, ez genuke hartz gehiago sartzeko beharrik izango. Izan ere, ugaltzeko gai diren 8-10 eme ditugu orain, eta bi urtez behin izaten dituzte kumeak. Hala, urtean % 10-15 hazten da populazioa, eta orain beste hartz bat sartzeak arazoak baino ez lituzke ekarriko". Demografikoki, beraz, arrakastatsutzat jotzen du populazioa.
Bigarren oharra ikuspuntu genetikotik da, eta, hor, kontraesana dagoela iritzi dio Ruizek: "Batetik, denak Pyrosen seme-alabak edo alabekin izandako bilobak dira, eta hori ez da ona, jakina. Horregatik, Pyros ordezkatu behar dela uste dugu, ikaragarria baita. Jaiotzen diren guztiak bere seme-alabak dira, gutxienez beste hiru ar ere badauden arren. Baina, bestetik, aleloen aldakortasuna ez da hain txikia; hau da, hain gutxi izateko, aldakortasun genetiko nahikoa handia dute. Hortaz, hau kudeatu egin behar da, eta horretarako oso baliagarriak izango dira egiten ari garen azterketaren emaitzak".
Bukatzeko, datuak izandakoan, hartzen diren erabakiak guztien artean hartzearen garrantzia nabarmendu du Ruizek, "ez bakarrik Frantziako, Kataluniako, Aragoiko eta Nafarroako administrazioen artean, baizik eta administrazioen ordezkarien eta Pirinioetako jendearen artean".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia