}

Pestiziden probak arautzeko beharra

2001/12/18 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Pestiziden kaltea probatzeko gizakiekin egindako saioak etikaren aldetik onargarriak diren erabaki nahian, aholkua eskatu dio Ingurumena Babesteko Agentziak Amerikako Zientziaren Akademia Nazionalari.

Horrelako saioak sarri erabiltzen dituzte konpainiek gizakiengan kaltea eragiten duen pestizida-kopuru minimoa zehazteko. Kaltea buruko mina, goragalea eta odoleko entzimen aktibitate-aldaketa aztertuz neurtzen dute; beraz, probak egiten dituzten pertsonek sarri izaten dituzte arazook. Hori dela eta, nolabaiteko ordainsaria ematen zaie beren burua proba horiek egiteko aurkezten dutenei. Izan ere, botiken eraginkortasuna probatzeko egiten diren saioetan ez bezala, pestizidekin egindako saioetan pertsonek ez dute inolako onurarik jasotzeko aukerarik. Hori da, hain zuzen ere, Ingurumena Babesteko Agentziak saioen etikotasuna zalantzan jartzeko erabili duen argudioa.

Badira aste batzuk eztabaida piztu zela, Ingurumena Babesteko Agentzia saio-mota hori arautu nahian baitabil. Zenbait zientzialariren ustez, kasu askotan ez da nahikoa izaten beste animalia-espezieekin saioak egitea, ezin baitute ziurtatu animalia horietan ikusten dena gizakien kasuan ere gertatuko denik. Aipatutako agentziak, ordea, hori guztia arautzeko beharra ikusi du, eta, horretarako, Amerikako Zientziaren Akademia Nazionalari eskatu dio laguntza.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia