}

Partikulen fisika arriskutan

1994/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Materiaren oinarrizko osagaiak aztertzen diharduten fisikariak oso kezkatuta daude beren alorraren etorkizunari buruz.

Materiaren oinarrizko osagaiak aztertzen diharduten fisikariak oso kezkatuta daude beren alorraren etorkizunari buruz. Alde batetik, EEBBek bertan behera utzi zuten joan den urteko urrian Superconducting Supercollider izeneko partikula-azeleragailu erraldoiaren eraikuntza. Bestetik egun, Europako hainbat estatuk partikulen fisika aztertzeko duten CERN zentruak arazoak ditu Large Hadron Collider izeneko partikula azeleragailua finantzatzeko. Arazoa mila milioi dolar aurkitzea da. Estatu europarrak ez omen daude diru gehiago jartzeko prest eta balizko beste finantzatzaileak, Japonia edo EEBBak, ez daude oso bero.

Proiektua aurrera atera ahal izateko CERNek plan bat aurkeztu berri du. Horren arabera, bi urtez atzeratuko litzateke partikula-azeleragailu berriaren abiatze-data (2002. urtetik 2004.era) eta gainera, egun lanean ari den Large Electron-Positron Collider izenekoa uste baino lehen itxi beharko litzateke. Horrela, Large Hadron Collider egiteko fondoak bideratu ahal izango lirateke.

Alabaina, lau urtean zehar CERNek partikula-azeleragailurik ez lukeela izango esan nahi du horrek eta CERNen tresneria erabiltzen duten 600 ikerlariek beste zereginen bat bilatu beharko lukete.

Bestetik, Espainia, Alemania eta Britainia Haundiak CERNi egiten dioten ekarpena murriztu egin nahi dute, eta ondorioz, Large Hadron Collider-en finantzaketa kinka larrian dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia