Pariseko metro berria
1989/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hiri handien barneko garraiabideen diseinatzaileek bi arazo dituzte metroaren edukiera hazteko unean: tunelaren zabalera eta trenen luzera. Tunelak zabaltzea oso garestia da alde batetik. Eta bestetik, trenak geltokiko plataformak baino luzeagoak egiteak ez du zentzurik.
Boa izeneko tren berri honek diseinu berria du. Trena higitzeko indarra beraren muturretan dauden bi orga edo bogiek ematen dute. Ohizko bogieek tamaina berdineko bi gurpil-pare finko dauzkate. Diseinu berri honetan gurpil-bikoteak ez dira berdinak. Bikoterik txikienak handienarekiko pibota dezake. Traktorea bezalakoa da: gurpil txikiek gidatu egiten dute eta handiek indarra eragiten dute.
Bagoiak gainera, ohizkoak baino motzagoak dira eta bi gurpil-bikoteren gainean doaz ohizko lau gurpileko bogieen gainean joan ordez. Horregatik gurpilak bagoian muturrerago jartzea posible da. Eraikitzaileek esaten dutenez, trenak azkarrago hartu ahal izango ditu kurbak, baina bagoien muturrak ez dira kurbetan kanporantz horrenbeste irtengo.
Bidaiarientzako toki gehiago, bagoien arteko loturagunetan irabaziko da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia