}

Paradoxak txertoen inguruan

2021/06/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

paradoxak-txertoen-inguruan
Astrazenecarekin txertatzeari utzi diote hainbat herrialdek, txertoak tronbosiekin zerikusirik ote duen argitu arte, nahiz eta erakkunde nagusiek txertaketekin jarraitzea gomendatu duten. Arg. Marco Verch/CC BY

COVID-19aren txertoen eragina, oro har, saio klinikoetatik esperotakoa baino are handiagoa izaten ari da. Txertaketa aurreratuen dagoen herrialdeetan ikusten ari denez, populazioaren talde zaurgarrienak txertatzeak ondorio zuzenak ditu hilkortasunean eta ospitaleratzeetan, eta birusaren transmisioa eteteko gai ere badira, neurri batean. Arrakasta hain da nabarmena, txertoei uko egiten zieten pertsonen ehunekoa jaitsi egin baita herrialde askotan, baita aurkakotasuna handia zen horietan ere.

Horiek horrela, paradoxikoa da, Hego Euskal Herrian, non, berez, txertoen aldeko jarrera nagusia den, talde jakin batzuk orain zalantzaz beteta egotea. Hori lortu dute, ordea, agintariek, Astrazenecaren lehen txertoa hartuta duten langile-taldeetan.

Izan ere, ezohiko gertakari tronbotiko batzuk izan zirela jakin zutenean, txertaketa eten egin zuten, albo-ondorio arraro horiek hobeto ikertzeko. Horrelakoren bat gertatzeko arriskua benetan txikia zela frogatu zuen Europako Sendagaien Agentziak (ehun milatik batek baino gutxiago). Txertoaren erabilera-orrian zehaztu zuen, eta txertaketarekin jarraitzea aholkatu, txertoaren onurak askoz ere handiagoak zirelako arriskuak baino.

Europako gobernu askok, hala ere, txertaketa-irizpideak aldatu zituzten, eta, Espainiak talde horiek bigarren dosiaren zain utzi zituen. Astrazenecaren lehen dosia hartuta, bigarrena Pfizerrena izateak zer ondorio dituen jakin nahi zuen. Saio klinikoen behin-behineko emaitzak onak izan direla arrazoituta, Pfizer ematea erabaki du. Erabaki hori EMAren gomendioaren aurka doa. Gainera, saio klinikoek ez ezik Erresuma Batuan eta beste leku batzuetan izandako esperientziak frogatzen du, lehen dosiak kalte egin ez bazuen, bigarrenak ere ez duela egiten. Eta hori da erabilera-orrian jasota dagoena. 

Baina, antza denez, Astrazenecaren dosien eskasia dago. Hortaz, bigarrena Pfizer ematea lehenetsi du gobernuak. Hori azaldu beharrean, ordea, Astrazeneca hartzeko aukera eskaini du, baina horretarako, eta hori bai paradoxa, hartzaileak agiri bat sinatu behar du, Astrazenecaren txertoak zer kalte egiten duen jakitun dela onartuz. Askoz ere ebidentzia gehiago daude, ordea, lehen dosia Astrazenecarena hartuz gero bigarrena etxe berekoa hartzea segurua eta eraginkorra dela, bigarrena Pfizerrena emanda baino.

Badirudi Espainiako Gobernuak konfiantza duela jendea gai izango dela, duen informazioarekin, zer txerto hartu erabakitzeko. Baina bakarrik talde horretakoek; gainerako taldeetakoek ezin dute aukeratu. Eta, ez batzuk ez besteak, inor ez da gai, nonbait, erabakitzeko, paradoxikoki, afera askoz ere errazago baten gainean: aire librean egonda, noiz behar den eta noiz ez, maskara janztea. Horregatik da derrigorrezkoa, oraingoz, behintzat.

Halaber, paradoxikoa da 12 urtetik gorako gazteak txertatzeko eta hirugarren dosi bat beharrezkoa ote den ikusteko saio klinikoak egitea, oraindik ez dagoenean bermatuta 18 urtetik gorakoak zentzuzko epe batean txertatuko direnik. Eta ez herrialde pobretuetan bakarrik; Europan bertan, oraindik dezente falta da 18 urtetik gorako populazioaren % 70 txertatuta egoteko, eta zailtasunak daude zenbait talderengana iristeko.

Nolanahi ere, agian, paradoxarik handiena da txertoak hain direla eraginkorrak, eta, COVID-19ari aurre egiteko estrategietan hainbesteko arreta eman zaiela, bazterrean geratu baitira sindemiaren gainerako alderdiei buruzko auziak. Horren gertuko adibide bat adinekoen egoitzak dira: txertoari esker, heriotzak asko gutxitu dira; baina, aldi berean, adinekoen zaintzari buruzko eztabaida isildu da. Eta, urrutiago begiratuta, antzekoa gertatu da eredu sozioekonomikoari eta ingurumen-krisiari buruzko eztabaidekin. Horientzako irtenbidea ez da laborategi farmazeutiko batean asmatuko; gizartetik etorri beharko du erantzunak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia