}

Paperaren papera paperaren herrian

1998/05/01 Bengoa Ansa, Aitor Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urteroko legez, Tolosako Ekinbide Etxeak Zumardi jardunaldiak antolatu ditu Tolosan. Ohi bezala, natura eta ingurugiroarekin loturiko gai monografiko baten inguruan atondu dira saioak. Aurtengoan paperari eta paperak ingurugiroan duen eraginari egokitu zaio txanda.

Ekitaldi guztien artean, ordea, arreta berezia piztu duen bat azpimarra daiteke. Tolosako Ferialekuan ipiniriko erakusketaz ari gara, hain zuzen ere. Izan ere, bertan, besteak beste, berreskuraturiko paper zatiekin paper berria egiten duen makina lanean ikusi ahal izan dugu.

Makina hau 1993. urtean Basagoitia enpresak Alier S.A. enpresa katalanarentzat eginikoa da, eta paper-fabriketako makinen oso antzekoa da, baina hori bai, neurri txikiagokoa, batetik bestera eramateko modukoa. 14 metro luze, 8 metro zabal eta 50 tonako pisua duen makina honen helburua dibulgaziozkoa da eta jendeari papera nola egiten den erakusteko erabiltzen da batez ere.

Joan den apirilaren 20an, Tolosako Paper Injinerutza Teknikoko ikasleen ardurapean jarri zen martxan makina, eta maiatzaren 24an utzi zion papera egiteari.

A. Begoa

Papera egiteko, lehenik eta behin, erabilitako paper zaharra pulperrean txikitu egiten da eta, ondoren, txikituriko zatiak araztegira igarotzen dira, bertan, alanbreak, harriak, grapak eta gisa horretako zaborrak kentzen zaizkiolarik. Behin pasta garbia dugunean, gramajea graduatu egin behar da, hau da, metro karratuak zenbat pisatzea nahi dugun erabakitzen da. Pasta hau treska batera doa segidan eta han paper-orria egingo da. Azkenik papera lehortu eta bobinetan biltzen da.

Makina honek, jostailu bat askoren ustez, jende asko erakarri du, izan ere, Tolosaldean, paper-fabriketan lan egindako jende asko dago eta interes berezia sortu du hauengan. Hauez gain, ikasle asko hurbildu da bertara: eskaera handia izan da ikastetxeetatik eta denera 4.000 bat ikasle izan dela uste da.

Papera egiteko makinaz gain, ordea, bazen zerikusi gehiago erakusketan. Papergintzaren historia azaltzen duten panelak ere ikusi ditugu. Ondoren, artisauki papera egiteko erabiltzen den tresneria eta lehengaiak ere erakutsi dizkigute.

A. Bengoa

XIX. mendean erabiltzen ziren makina eta tresnak ere han ziren, erakusketan eta garai hartako inprenta nolakoa zen jakiteko aukera ere izan dugu.

Tolosako herriak mende honetan izan duen garapen teknologiko eta soziala laburbiltzen duten panel erakargarriak ere jarri dira herriko Ferialekuan, “Tolosa XX. mendean zehar” izenburupean eta Eusko Ikaskuntzak eginik. Azkenik, papera eta kartoiarekin egiten diren produktu anitz aurki zitezkeen erakusketan, papera, gizarteko edozein alorretaraino iristen dela frogatzeko aukera bikaina izan dugularik.

Ikusitakoa kontatzen ahalegindu gara. Bertara inguratu den jende orok ikusitakoa, izan ere, itsuentzat braille sisteman azaldu baitituzte.

TOLOSA PAPERAREN HERRIA

1817. urtean Martin Olanok Igarondoko Errotan Gipuzkoako lehen paper-fabrika jarri zuenetik, jarduera honek herria eta eskualdeko itxura eta ekonomia baldintzatu ditu. Ondoren, Jose Joaquín de Mendia etorri zen, Otsaraingo Errotara, eta Pascual Madozek dioenez (Diccionario Geográfico-Histórico de España, 1847) fabrika hauek 12 gizonentzako lana sortzen zuten eta 4.000 “resma” paper egiten zituzten eskuz.

A. Bengoa

1842. urtean “La Esperanza” fabrikan paper jarraia egiten zuen lehen makina jarri zen martxan, eta bide beretik etorri ziren Txaramako eta Igarondoko fabrikak. XIX. mendean Irurako “Echezarreta”, Alegiako “Providencia”, Amaroz, Olarrain, Berrobi eta Billabonako fabrikek argia ikusi zuten, eskuz lan egiteko sistema zaharkituta gelditu zelarik.

Mende honen hasieratik gorabehera asko izan dira; krisialdiak La Papelera Española sortzea eragin zuen. Merkatua berrantolatu zen eta honen zabalkundearen ondorioz, Tolosan eta inguruetan 19 paper-fabrika egotera iritsi zen.

Gaur egun kopuru hori murriztu egin da, baina oraindik paperak garrantzi handia du Tolosaldean. Paper manipulatua eta arte grafikoz gain, paper-makineria eraiki eta konpontzeko industria metalurgikoa dago, beharbada, munduko kontzentrazio handiena Tolosan dago.

2.000 URTEKO HISTORIA

Gure zibilizazioaren garapenean paperak jokatu duen “papera” azaltzen da erakusketa honetako 16 paneletan. Gizakiak, irudi eta idatziz komunikatu nahi izan zuenean, euskarri baten beharra sortu zen. Papera, lortzeko eta pilatzeko erraza zen euskarria zen, batetik, merkea zen, bestetik, eta, gainera, nahikoa iraunkorra zen. Bere alde zituen, beraz, garatu eta eboluzionatzeko abantaila guztiak.

Bost data garrantzitsu aipa daitezke paperaren historian:
K.a. 98. urteko sasi-paper bat ezagutzen den arren, paperaren lehenengo aipua K.o. 105. urtekoa dugu. Txinatarrak izan ziren lehenengo paper-ekoizleak eta material berri hau merkea eta iraupen handikoa zenez, papiroa eta pergaminoa ordezkatzen joan zen piskanaka.

Ekitaldi ugari izan ditu aurtengo Zumardi jardunaldiak; papergintzaren historia azaltzen duten panelak eta papera artisauki egiteko tresneria eta lehengaiak, besteak beste.
A. Bengoa

Bigarren data garrantzitsua 751. urtea dugu. Izan ere, Samarkandako guduaren ostean, txinatarrek papera nola egiten zuten eman zen ezagutzera. Sei mendetan gorde zuten sekretua izan zen, baina gudu honetan arabiarrek papergile batzuk hartu zituzten preso eta paperaren sekretua aitorrarazi.

Paperaren historian garrantzia izan duen hirugarren unea papera Europan zehar zabaldu zenekoa izan da. Kultura arabiarren bidez, Espainiara iritsi zen eta hortik Europa osora zabaldu. Ez da ezagutzen Iberiar Penintsulan noiz hasi zen paperaren fabrikazioa, baina, X. mendearen amaiera aldera edo XI.aren hasieran izan zela uste da.

Laugarren data erabakiorra inprentaren sorrerak eragin zuen, papera baita beronen oinarria; papera merke eta ugari lor zitekeen eta horrek inprentaren garapena erraztu zuen.

Frantziako Iraultzaren ondoren, paperaren eskaera areagotzen joan zen etengabe. Eskaera honen zati handi bat Frantzian argitaratu ziren entziklopedia handien eskuetatik zetorren, ( Enciclopédie 1751-1772); geroxeago, berriz, Europako egunkari batzuen sorrerak areagotu zuen paper-kontsumoa, hala nola, 1785. urtean sorturiko The Times edo Diario de Barcelona , 1792. urtean. Ingurumari honetan sortu zen, 1798. urtean, paper jarraia egiten zuen lehenengo makina, eta hau izango da, ezbairik gabe, bosgarren une garrantzitsua paperaren historian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia